Dave Bieter Boise hiriko alkatea da, hiriburuan izan den lehen alkate euskalduna, hain zuzen. 2003ko hauteskundeetan hartu zuen agintea eta orduz geroztik beste bi legealditan hautatu dute (2007an eta 2011an).

Berarekin mantendu dugun hizketaldian oso gizon alaia eta gertukoa dela erakutsi digu.

20101521822_bc3d2370b4_z

Dave Bieter Boiseko alkatea

Zer esan diezagukezu zure jatorriari buruz?

Nire amama lekeitiarra zen eta aitite berriz,  Larrabetzukoa. Nire ama Boisen jaioa da eta baita ni ere. Euskadin bizi dira nire familiako kide asko, eta harreman ona dut haiekin eta aurten Jaialdira etortzekoak dira batzuk. Nire aitona Euskadira itzuli gabe hil zen, beraz, polita da noizean behin Euskadiko familia ona etortzea.

Euskaraz ondo moldatzen zara, non ikasi zenuen?

Euskadin ikasi nuen. Bertara  joan aurretik oso euskara gutxi nekien, izan ere, aita ez zen euskalduna eta amamak eta amak haien artean euskaraz egin arren, gurekin ez zuten erabiltzen. Beraz, gerora ikasi behar izan nuen. Aitak ere ikasi zuen. Ez da erraza batez ere bi hizkuntzak ikasi behar dituzunean, bai gaztelania eta bai euskara.

Noiz joan zinen Euskal  eta nolakoa izan zen esperientzia?

Lehen aldiz 14 urterekin eta lau urte beranduago bueltatu nintzen bigarrengoz.  Ondoren, ikasketak amaitutakoan lanean hasi aurretik Euskadira joan nahi nuen berriro, baina oraingoan bakarrik, aurrekoetan familiarekin joan nintzen eta. 27 urterekin egin nuen bidai hura eta ezberdina baina, era berean, gogorra izan zen. Amezketan egon nintzen barnetegi batean, 40 bat pertsonekin eta Lauro ikastolan ingeleseko klaseak ematen eta euskara ikasten ere ibili nintzen.

 -Erantzuterakoan pixka bat trabatu egin da eta benga benga esaten dio bere buruari barre artean, ostiralerako lortuko dut –

Barnetegiko lehen egunean amerikanoek hegazkin bat jo zuten Pertsiar Golkoan eta, ondorioz, jende asko hil zen. Uste zen hegazkin militarra zela baina nik ez neukan horren berririk eta “Yankeeak zer egin duzue?” esaten zidaten euskaldunek. Aste hartan bertan klaseak bukatu eta tabernara joatean emakume batek esan zidan ez nuela euskalduna izateko eskubiderik euskalduna izateko sufritu egin behar omen baita, eta “zuk ez duzu sufritu” esaten zidan. Ikusten duzuen bezala, ongi etorri aparta egin zidaten jajaja. Dena den, nahiz eta esperientzia ona izan gogorra izan zen, eta emakumeak esan bezala sufritu behar baldin banuen sufritu nuen jajaja.

Bidaiak Euskal Herriarekiko zenuen ikuspegia aldatu zizun?

Hara joatean beste errealitate bat ezagutzen da, ikuspuntu ezberdinak jasotzen dira eta egoera garbiago ikusten da. Ikuspegia aldatu egiten da eta nire kasuan hobetu egin zen han egon ondoren. Polita da jakitea zer den eta zer esan nahi duen euskal amerikanoa izateak, eta errespetua izan behar da jatorriarekiko.

Hil baino lehen nazionalitate bikoitza izatea gustatuko litzaidake amerikanoa eta euskalduna, baina garaia iritsi arte ez dut espainola izan nahi. Bada, behin Bilbon beste eztabaida bat izan genuen eta beste ikuspegi ezberdin bat ezagutu nuen. Esan zidatenez euskalduna izatea espainola izatea ere bada testuinguru politikoaren ondorioz, eta eztabaida hargatik sufritu egin nuen.

Zuretzat euskaraz jakitea garrantzitsua da?

Bai, guretzat oso garrantzitsua da. Oskorrik abesti baten esaten duen bezala “euskara da euskaldun egiten gaituena” eta hala da. Polita da dantzatzea, palan jolastea, abestea baina euskaraz ez baldin badakizu zerbait falta duzu, gauza garrantzitsu bat.

Egunerokoan euskara erabiltzen duzue?

Egia esateko gehiegi ez. Bueno kanpotik datorren jendearekin bai. Bestalde, bileraren batean zaudenean eta gainontzekoek zerbait ez ulertzea nahi duzunean ondo etortzen da jajaja.

19488521273_2301605192_z

Dave Bieter

Gazteek garrantzia ematen diote euskal kultura mantentzeari?

Bai, gaur egun bai, ondo ikusia dago euskalduna izatea. Lehen ez zen horrela, euskaldunak aparte egoten ziren. Nire amaren garaian euskara etxean egiten zen baina kalean ez, eta dantzekin ere berdin gertatzen zen. Orain, aldiz, erakutsi egiten da, euskal komunitatea handitu egin da eta herriak onartu egin du. Euskaldunek lan asko egin zuten kultura mantentzeko, haien jatorriarekiko zintzoak izan ziren.

Euskal Herritik urrun egonagatik nola ikusten duzu bertako egoera?

Gu politikariak garenez gure ekarpena egitea gustatzen zaigu. Behin bilera batean euskaldunen erabakitze eskubidearen gainean aritu ginen eta bertan parte hartu zuten denek aldeko iritzia erakutsi zuten, Espainiako enbaxadoreak izan ezik. Azkenean berria asko zabaldu zen eta zerbait entzutetsua behintzat egin genuen. Bidea luzea da baina pausoak ematen ari dira bederen.

Eta amaitzeko, entzun dugu Obamarekin elkartzeko aukera izan zenuela, zer moduz?

Egia da. Behin Washingtonetik buelta Obamarekin egoteko aukera izan nuen Air Force One hegazkinean  eta hori oso zaila da, aurretik lau alkate baino ez baitira joan, ni bosgarrena izan naiz. Bertan euskaldunei buruz hitz egiten aritu ginen, eta beranduago Boiseko unibertsitatean eman zuen hitzaldian horri buruzko aipamena egin zuen. Hitz horiek oso bereziak izan ziren eta jendea hunkitu egin zen.

 

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen