Fermin Bilbao (Arrieta, 1941) garai batean Estatu Batuetara artzain joan zenetariko bat da. Abentura hari hogei urterekin ekin zion eta oraindik Ameriketan darrai.  “Orduan jende asko joaten zan Euskal Herritik Estatu Batuetara, tartean neure anaie, dirua ein eta bueltetako asmoz. Hori izen zan nire kasue be, baia gero bertoko bizimodure ohitu eiten zara eta kosta eiten da bueltatea. Ganera, andrie be ezetu neban eta horrek asko tiratzen deu”.

Lehenengoz 3 urteko kontratu batekin  abiatu zen eta epe hori igarota Euskal Herrira itzuli zen. Bi hilabete egin zituen jaioterrian, baina berriro ere maletak egin eta Ameriketara bueltatu zen soldaduskatik ihesi.

Fermin eta Mikel

Fermin eta Mikel

Orduan, beste bost urte  egin  zituen artzain moduan, zortzi urte orotara. “Ez da lan gogorra, baie bakardade handie sentiduten da eta ez da erraza. Halan be, kontratue neukonez berton jarraitzie baio ez neukan”. Mendian lagun bakarra izaten zuen alboan, janaria prestatzeaz eta denda batetik bestera mugitzeaz arduratzen zena. Bada, hara eta hona ibiltzen ziren artzainak, eta bazkariak mendian bertan prestatu behar izaten zituzten.

Nahiz eta ingelerarik ez jakin moldatzen zen bizimodua aurrera ateratzeko “Mendien beste euskaldun bategaz egoten nintzen ta ardiek bee baio ez dabe esaten, ordun ondo konponduten ginen”. Dakien ingelera, ostera, kalean ikasitakoa da.

Arrieta eta Baserriko Giltza

Arrieta eta baserriaren giltza

Artzain etapa bukatuta, eraikuntzaren alorrean hasi zen lanean eta bertan jardun zuen beste hamasei urtez. “Gusture ibili nintzen ni behar horretan. Leku ezberdinek ezetuteko aukera euki neban: Alaska eta Kalifornia, besteak beste”

Tartean Euskal Herrira bidaien bat eginda ere, azkenean Ameriketara bueltatu izan da beti. Gerora bertan ezkondu zenetik sorlekura bidaien bat edo beste egitearekin konformatzen da, nahiz eta familia faltan botatzen duen. “Urrun egonda be beti mantendu izen dogu harremana, atzine karten bidez ta oin telefonoz. Domeka askotan ordu bete baino gehiau emoten dot eurekaz berbetan”. Distantziak ez ditu inoiz Fermin eta emaztea haien jatorritik urrundu, eta oroimena bizirik mantentzeko Euskal Herriarekin lotutako ikurrez beteta dituzte haien etxeko hormak, Bilboko ordua ematen duen ordularia eta guzti.

Etxea (16)

Bilboko ordua

Lan ibilbidearekin jarraituz berriro ere lanbidez aldatu eta kartoi fabrika batean 20 urte eman zituen Ferminek erretiroa lortu arte. Hura izan omen zen hiru behar ezberdinetatik gogokoen izan zuena. Egun berriz, Nampako etxeko lursailetan dituen animaliak zaintzen igarotzen du denbora, dioenez zerbait egiten behar baita.

Fermin Bilbao(7)

Fermin Bilbao eta ganadua

Hizketaldia amaituta, bere lurrak ureztatzen bukatu, dutxa hartu eta Boisera joateko prestatzen utzi dugu Fermin. Bada, hirian Jaialdia heltzear dagoela igartzen hasi da, eta inork ez du famili kide eta lagunekin egoteko aukera galdu nahi.

Boiseko argazki gehiago

gaztebizhitza_logoa

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. 

GOazen Boisera ekimeneko blogariak (Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien) 2015eko Boiseko Jaialdiaren berri-ematen