Maria Lopez Altuna aurten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren baitan Guatemalako Quetzaltenengo herrira joango da. Medikuntza ikasle honen zereginen artean sexu eta ugalketaren inguruko informazioa ematea eta emakumeentzako aterpetxe batean laguntza ematea egongo dira. Jon Landak bestalde, Keniako Kisumu herria izango du bizileku 3 hilabetez. Bertan arkitekto gazte honek ortu ekologikoen inguruko proiektu batean parte hartuko du.

Biek beste 90 gazte euskaldunekin batera 2015ko Euskadiko Gazteak lankidetzan programako gazte taldea osatzen dute.

Maria Lopez Altuna

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren berri non izan zenuten?

Maria: Duela hiru bat urte entzun nuen lehen aldiz programa honen inguruan, lagun baten bitartez. Eta harrez gero, parte hartu izan duten hainbat pertsona ezagutu ditut. Denek, bizitako esperientziarekin oso kontentu, parte hartzera animatu naute.

Jon: Duela pare bat urte, Donostiako arkitektura unibertsitatean Mozambiquen planteatutako Workshop batean parte hartzea proposatu ziguten. Urtean zehar horretan aritu ondoren, lankidetza inguruko interesa piztu zitzaidan eta, tailerreko antolatzaileek Euskadiko Gazteak Lankidetza programaren berri eman ziguten aurrera jarraitu nahi genuenei.

Jon Landa

Zer dela eta erabaki zenuten parte hartzea?

Maria: Beharrezkoa iruditzen zait edonoren garapenerako beste egoera batean jaiotako jendea ezagutzea, beste errealitate batean murgiltzea, beste nonbaiteko errutina bizitzea eta bertakoekin lankidetzan aritzea.

Jon: Betidanik izan dut horrelako proiekturen batean parte hartzeko gogoa, baina unibertsitatea, futbola etabarrengatik ez dut  horretarako denborarik atera. Aurten, dena ondo badoa ekainaren 17an, arkitektura karrera amaierako proiektua entregatuko dut eta aukera ezinhobea iruditzen zait aurrera pausu hori behingoz emateko.

Zein eratako proiektuan parte hartuko duzue?

Maria: Guatemalako bigarren hiriburu handienera noa (Quetzaltenengo), bertan dagoen Garapenerako GKE batera, beste bi gazte euskaldunekin. Biolentzia matxistaren biktima izan diren emakumeei eta haien seme-alabei zerbitzu integrala eskaintzen die erakunde honek: heziketa, babes psikologikoa, medikoa, legala…

Jon: Keniara noa beste neska batekin batera, Kisumu izeneko herrira. Baratz ekologikoen inguruko proiektua omen da, baina oraingoz ez dugu informazio handirik jaso bertan beteko dugun lanaren inguruan.  Neska ingeniari agronomoa da, beraz espero dut berak irakastea hasierako kontzeptu basikoak gutxienez!

Zer da gehien interesatzen zaizuena esperientzia honen inguruan?

Maria: Hemen dudan testuingurua errotik aldatu, eta beste egoera bat bizi duen jendea ezagutzea, beraien ingurunean murgildurik.

Jon: Mundua beste perspektiba batetik ikustea, askotan ikusten ditugu telebistatik gure herriaren guztiz desberdinak diren bizimoduak eta kulturak, baina han egon arte ezin dugu benetako iritzirik sortu. Beraz, bizi garen ponpa honetatik irtetea oso interesgarria iruditzen zait.

Baduzue harremanik lankidetza munduarekin? Zelakoa?

Maria: Gurutze Gorriko bolondresa naiz. Baina, gaurdaino ez dut izan hegoaldeko herri batera joateko aukerarik.

Jon: Orain arte ez dut lankidetza munduarekin kontakturik izan, izan ere horrelako proiektuetan parte hartzeko nire ustez denbora luzeko egonaldia beharrezkoa da bertako egoera ulertzeko. Aurreko udetan auzolandegi anitzetan eta boluntario proiekturen batean parte hartu dut, lankidetza inguruko aurre pausu modura.

Egitasmo honetaz haratago lankidetzaren inguruko gaietan parte hartzeko asmoa duzue etorkizunean?

Maria: Orain burua han daukat, bueltan zer gertatuko den ez dakit. Betidanik mirespena piztu dit kooperazioak eta beharbada hau hasiera besterik ez da.

Jon: Dudarik gabe, lankidetza programa hau ibilbide baten hasieratzat planteatu behar dugu. Hau lehenengo kontaktu bat izango da, baina bueltan espero dut lankidetza inguruko gaietan parte hartzen jarraitzea eta, are gehiago, nire ingurukoak ere gauza bera egitera animatu.