Izaskun Canga bilbotar gazteak Psikologia ikasi zuen Erromako “Sapienza” unibertsitatean. Gozogintza atsegin du (bere erreskoa eta euskal pastelak mitikoak direla esan digu) baita bidaiatzea eta karatea ere. Baina badu beste zaletasun berezi bat ere, Ukelelea deritzon musika tresna. Bere Jo Ukelelea Youtubeko kanalean, euskal kantuen bertsioak egiten ditu ukelelearekin eta hainbat bideotutorial publikatu ditu euskaraz.

Nondik datorkizu ukelelea jotzeko zaletasuna?
Orain dela urte batzuk, modan jarri zen ukelelea, bereziki EEBBetan, eta ukelelezale asko bideoak argitaratzen hasi ziren YouTuben: Danielle Ate the Sandwich, Ukulele Mike, The Ukelele Teacher… beraien bideoekin, eta ukeleleak dauzkan aukerak ikusita, neri ere ukelelea jotzen hasteko grina etorri zitzaidan. Hilabetetan zehar etxean adarra jo ostean, nire urteak zirela eta ukelele bat oparitu zidaten, eta hortik aurrera jotzea bizio bat bilakatu zen.

Zenbat denbora daramazu ukelelea jotzen? eta beste musika tresnarik jotzen duzu?

Orain dela hiru urte hasi nintzen ukelela jotzen. Berez, ez daukat trebakuntza formalik musikan (nerabe nintzela pianoa jotzen ikasten saiatu nintzen nire kabuz, nahiko arrakasta mugatuarekin), eta ukelelezale asko bezala, autodidakta naiz. Interneten topatutako baliabideei esker ikasi nuen: tutorialekin, adituen webguneekin… Ukelelea oso egokia da musikan trebatuak ez diren pertsonentzat ere, oinarrizko maila lortu eta berehala tresna honekin pila bat disfrutatzen duzu eta. Ikasketa prozesua ez da batere zaila, eta denbora eta gogo apurtxo batekin berehala lortzen da politto aritzea.

Ukelelearekin euskal kantuak jo eta Youtubeko “Jo Ukelelea” kanalean publikatzen dituzu bideotutoriak, nolatan bururatu zitzaizun ideia hau?

Ukelelea jotzen hasi nintzela, euskara hutsean oso baliabide gutxi zeudela konturatu nintzen. Neuk euskal kantak jo nahi nituen, eta beraz nire kabuz bertsioak sortzen hasi nintzen. Edozein gai jorratu ahal izateko, oso garrantzitsua da edukiak sortzea: horrexegatik bururatu zitzaidan bideoak sortzeko eta YouTuben argitaratzeko ideia. Neuk nekien gutxi hori gainontzekoekin partekatu nahi nuen eta, aldi berean, besteak euskal kantak eta ukeleleari buruzko eduki gehiago sortzera animatu nahi nituen. Euskal kanten bertsioak igotzen asi nintzen, eta hilabete batzuren bueltan tutorialak sortzea ere  interesgarria izango litzatekeela pentsatu nuen, besta hizkuntza askotan egiten den moduan. Gauzak modu errazean azaltzen saiatzen naiz, guztiek ulertu ahal izateko. Ikusleen feedback-a ikaragarria izan da beti, eta horrek izugari pozten nau.

Zelan aukeratzen dituzu euskal kantuak?

Alde batetik, neuk maite ditudan kantak igotzen ditut. Hain zuzen ere, horiek dira orain arte sortu ditudan bertsioak! Kanta herrikoiak argitaratzen ditut (Ixil-ixilik, Ikusi Mendizaleak, Peio Joxepe…) baina baita ere pop, rock eta beste estiloetako abestiak (Sarri Sarri, Ilargia, Laztana…). Nire kanala ikusten duten pertsonek eskatutako kantak ere moldatzen saiatzen naiz: beraientzat sortu nuen kanala, eta esaten didatena oso garrantzitsua da niretzat.

Jatorri hawaiar eta polinesiarra duen musika-tresna honekin euskal kantuek nolako doinua dute zuretzat? Zein berezitasun du tresnak?

Ukeleleak oso doinu goxoa dauka, eta berehala eragiten dio irria bere musika entzuten dionari. Bere doinu altu eta erlaxatu horrek buelta bat ematen die musika estilo guztiei, gure euskal kantetan ukelelea entzutera ohituta ez bagaude ere. Ikaragarria da kanturik tristeenari ere eman ahal dion baikortasun eta esperantza puntua: horrexegatik maite dut hainbeste ukelelea.

Ukelele ikastaroak ere ematen dituzu, kontaiguzu pixkat honen berri

Maiatzak 8. 15 eta 22an emango dut hurrengo ikastaroa Bilboko Euskararen Etxean, Darabilbo eta Azkue Fundazioak antolatutako 3 klasetan. Zerotik hasiko gara eta bost kanta landuko ditugu: Amets, Peio Joxepe, Sarri Sarri, Ikusi Mendizaleak eta Zaindu maite duzun hori. Ukelelerik ez daukaten pertsonak ere hurbildu ahal dira, beraientzako zenbait tresna ditugu eta. Ikastaroan izena emateko helbidea honakoa da

Ukelelelak badu publikorik Euskal Herrian eta nolakoa da?

Gero eta ukelelezale gehiago daude Euskal Herrian zehar. Hain tresna erraza eta aukera askotakoa izanda, Euskal Herriko ukelezaleak ere oso desberdinak dira beraien artean: badaude jadanik kitarra jotzen dakiten musikariak, seme-alabekin tresna bat jotzen ikasi nahi dutenak, heavy-a maite duten ukelelezaleak, musika tresna bat lehendabiziko aldiz hartzen duten helduak, Hawaiko doinuak maite dituztenak… Ukeleleak batzen ditu guztiak.

Modan dagoen tresna dela ezango zenuke, eta zeintzuk dira zure ukelele-jole gogokoenak?

Bai, egia da: modan dagoen tresna da. Dudarik gabe, Danielle Ate the Sandwich eta Jake Shimabukuro dira gehien gustatzen zaizkidanak. Lehendabizikoa inspirazio handia izan zer niretzat ukelelea jotzen hasteko. Bigarrenak, guztiok izan nahi genukeen trebezia dauka. Ikaragarriak dira biak.

Besterik gehitu nahi bazenu aurrera!

Mila esker! Ongi izan eta primeran pasa ukelelearekin!