Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak 13. edizioa ospatuko du aurten apirilaren 17tik 24ra bitartean. Jaialdia gertutik ezagutu nahi izan dugu eta horretarako Ana Garayalde Zubeldia Zinemaldi honetako Giza Eskubideen Alorreko arduradunarekin hitz egin dugu. Gazteek jaialdi honetan garrantzizko papera dutela adierazi digu, besteak beste.

Kontaiguzu zeintzuk izan ziren Jaialdiaren hastapenak eta zein elkartek parte hartzen duten ekimen honetan

Jaialdiaren hastapenak ez ziren errazak izan. Aurrekontu mugatua genuen eta ez genuen diru-laguntzarik jasotzen. Erakundeen apustu politikoa eta udal teknikarien esperientzia giza eskubideen alorrean oinarrizkoak izan diren egitasmoa gauzatu ahal izateko. Jaialdia Donostiako Udalaren Giza Eskubideen sailaren konpromisoari esker sortu zen eta egun Donostia Kulturarekin batera dihardu antoltzaile lanetan. Gure betebeharra zela uste genuen “aurrera begiratzea” eta “ez alde batera” munduko errealitate ezberdinei. Eta era berean, ahulenen eta justizia eza pairatzen dutenen alboan egotea.

Gurekin bidelagun izan ditugu alde batetik Donostia Kulturako Zinema unitatea, eta bestetik GKE ezberdinak; giza eragileak, lankidetza munduko elkarteak, bertoko zein nazioarteko giza eskubideen aldeko elkarteak. Horien artean, Unicef, Acnur, Gipuzkoako GKE-en koordinadora, Gehitu edo Mexikoko unibertsitate autonomoa daude. Jaialdiaren jatorrizko izena Zinema eta Giza Eskubideen Topaketak izan zen. Lehenengo edizioan egunero film bat eta solasaldi saio bat eskaintzen genituen; 11 film proiektatu ziren guztira eta 1.600 pertsonek parte hartu zuten Printzipal Antzokian egindako proiekzioetan. 2004an bikoiztu egin zen parte hartzea, 3000tik gora lagun izan genituelarik.

Jaialdiak ondo darrai bere bidea. Iaz 20.000tik gora lagunek parte hartu zuten erakusketa, zinema saio, musika, antzerki zein solasaldietan.

Nolako garapena izan du Zinemaldiak?

Haziz joan gara apurka-apurka. Lehiaketako Sail Ofizialaz gain, bestelako sailak ere programatu ditugu; Afrikaren eta Latinoamerikaren inguruko saioak eta saio bereziak Kultura zentroetan, kasu honetan Euskal Herriko ekoizpenak eta euskarazko lanak proiektatuz.

Lau sari banatzen ditugu:

  • Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari. 3000ko saria da eta 18 eta 30 urte bitarteko 150 epaimahaikide gaztek ematen dute.
  • Publikoaren Saria Film Luze Onenari.
  • Giza Eskubideen Zinemaldia Saria, zinean dihardutenei giza eskubideen alde egin duten lanagatik. Aurten Lourdes Portillori emango zaio saria. José Luis Borau, Robert Guedegian, Paskalevic, Pilar Bardem eta Elías Querejetak ere jaso dute saria
  • Amnesty International Saria, erakunde honek emana.

2006az geroztik Gazte Epaimahaiak Film Labur Onenaren saria ematen du, Zein da Epaimahaikideen lana?

Jaialdiarentzat oso garrantzitsua da Epaimahai Gaztea izatea, zinema komertzialetan ikusten ez diren filmak gazteriari gerturatzeko eta sentsibilizatzeko aukera ematen dielako gazteei. Epaimahai gaztea gure oraina eta etorkizuna dira.

150 gaztek astebetez giza eskubideen defentsaren aldeko filmeak ikustea ezinbestekoa dela uste dugu Jaialdiko antolatzaileok. Era berean, filmeen egileekin eta zuzendariekin egiten diren solasaldietan iritzia ematea, filmeekin hunkitzea, haserretzea zein ikuspegi kritiko bat azaltzea oso garrantzitsua da.

Zinemak irudi eta hitzen bidez sufritzen dutenengana heltzeko bidea eskaintzen du eta beraiengandik gertuago egoteko aukera.

Zein iritzi dute Epaimahai Gazte bezala parte hartu dutenek esperientziaren gainean?

Urtero jasotzen ditugu gazteen iritziak formulario bidez eta egunero izaten gara jaialdian zehar gazteekin hartu emanean.

Iritziak, orokorrean, ezin hobeak dira eta jaialdiak eskaintzen dituen gaiak, filmeen kalitatea eta parte hartzaileen giza balioek onespen ezin hobea dute. Urtero hainbat gaztek esperientzia errepikatu dezaketen galdetzen digute.

Zein ekarpen egiten dio Gazte Epaimahaiak zinemaldiari?

Ezinbestekoa da jaialdiarentzat gazteen iritzia eta parte hartzea. Gainera sari ekonomiko bakarra (3.000 euro) Gazte Epaimahaiak ematen dio Film labur onenari. Iritzi kritikoa eta egunerokotasunarekin lotura mantentzen laguntzen digute gazteek. Gainera oso gehigarri ona da jaialdian dauden bestelako eragile, GKE eta erakundeen iritzia osatzeko.

Aurten zer nolako berrikuntzak, filmak eta zikloak eskainiko dituzue?

Aurten, lehenengoz, arratsaldean proiektatuko diren eta solasaldia duten saioetan gorrentzako azpitituluak eta seinu-hizkuntza interperteak egongo dira. Aurrera egin dugu irisgarritasunean eta gure asmoa kolektibo ezberdinetara heltzea da. Gainera gero eta leku gehiagotara zabaltzen joan da jaialdia, hala nola, Donostia inguruko herri eta auzoetan proiekzioak eskainiz.

Zer dela eta uste duzu garrantzia dutela horrelako jaialdiek?

Askotan isilean dauden eta deserosoak diren istorioak azaleratzen dituztelako, eta giza eskubideen aldeko kontzientzia pizten laguntzen dutelako.