FACEGUKKoldo D. Bizkarguenaga Bilboko San Inazio auzoko gaztea 2009an lizentziatu zen soziologian. Segituan hasi zen testian lanean buru-belarri, buruan zeukan ideia bat ikertzen. Euskal nortasunaren eraikuntzan Internetek eta batez ere Facebookek duen eragina gazteengan aztertu ditu bere tesian eta aurki egin beharko du lanaren defentsa.

Beste gazte asko bezala futbolari frustratua dela dio eta kirolzale amorratua. Tesiaren defentsa egin baino lehen zein beste momentu garrantzitsuen aurreko egunetan korrika egitera irteten da. Azken hilabeteetan afizio berri bat ere aurkitu du: Wing Tsun arte martzial txinatarra.

Unibertsitate munduan lan egin nahi duen orok egun tesia du buruan, baina zer suposatzen du doktore tesi bat egiten buru-belarri hasteak?

Nire kasuan 24 orduz gai horretan pentsatzen egotea: athleticen partidua ikusi eta euskal herritartasuna nola ulertzen duten pentsatzea, asteburutan emailak erantzutea edota gau asko ezin lo egitea gaiari bueltaka egoteagatik. Gainera, beste bide asko bazterrean uzten dituzu eta lau urtez defendatu beharreko lan batean buru belarri ibiltzeak beste bizi batzuekin amestera eramaten zaitu.

Hala ere, kapitalismoak sortutako krisi ekonomikoa dela eta hainbat gaztek bizi duten egoera prekarioa ikusita irakurri, idatzi eta jende interesgarria ezagutzeagatik kobratzean pribilegiatu baten moduan baino besterik ezin dezaket ikusi neure burua, noski.

Tesiaren defentsa egitekotan zara aurki, 4 urteko lana 40 minututan aurkeztu behar duzu, nola prestatuko zara momentu horretarako?

Ba, egia esan, tesi zuzendari dudan Josu Amezagak aholkatu bezala, tesia berriz ere ez irekitzea erabaki nuen: azken finean, barnean dudan istorio bat da tesia eta epaimahai baten aurrean defendatu behar dudan arren, une berean, nire familia eta lagunei zertan ibili naizen aurkezteko aukera izango dut. Beraz, une hori disfrutatzen saiatzen ibiliko naiz, karga formal guztia kenduz eta ikerketa gustuko dudan jolas bat dela gogoratuz.

Era berean, ensaio bat edo beste egin dut eta NOR ikerketa taldeko kideen iritziak jasotzea oso lagungarria izan zen, tesi defentsa egunera begira.

OXFORDGaztea bazara ere ikertzaile ibilbideak, Bartzelona, Kanada, Oxford zein Argentinara eraman zaitu, nolakoa da “tesilari” baten egunerokoa?

Egunerokotasuna? Ba, esnatu, kafea hartu eta emailak erantzuten hasi. Segun eta zein fasetan zauden irakurri, landa lanean aritu edota idatzi. Baina beti beti eskuartean dituzun hamaika proiektuak koadratzen saiatzen ibili: klaseak, seminarioak, kongresuak, artikuluak, beste ikerketa batzuk…

Aurretiaz esan bezala, pribilegiatu bat izan naiz eta bidaiatzeko aukera izan dut nire gaian adituak diren kideak ezagutuz. Ikerketa estantzien arabera, gainera, erritmoa indartu egin da. Adibidez, Oxforden goizeko 8etatik arratsaldeko 8ak arte klasean geunden ia etenik gabe. Esan bezala, 24 orduak gai horretan buru belarri egonda eman ditut azken lau urteak eta horretarako bide lagun onak izatea ezinbestekoa da.

Euskal nortasunaren eraikuntzan Internetek eta batez ere Facebookek duen eragina gazteengan aztertu duzu zure tesian, nondik datorkizu tesirako ideia eta interesa?

Ba, egia esan, gazteek eurek identifikatu zuten ikerketa espazioa. Euskal identitatea eta honen eraikuntza betidanik jakin-min eta motibazio iturri izan dut eta horregatik 2009an Bilboko alde zaharra, koadrilak eta euskal identitatearen inguruko ikerketa abiarazi nuen.

Ikerketa horretan elkarrizketatutako gazteek IKTen garrantziaz aritu ziren. Internetera salto egin eta harreman sozialak aztertzeko asmoarekin online sare sozialak ikertzeari ekin genion. Benetan lan ederra ikertu gabeko espazio batean murgiltzea!

Lanean ere bazabiltza Mondragon Unibertsitatean, posible al da tesia prestatzen eta aldi berean lanean aritzea?

Aurten lan horretan ibili izan naiz. Tesia idatzita nuelarik hasi nintzen, fase burokratiko eta defentsarekin elkartu zait soilik: bata bestearen atzean etorri da beraz.

Hala ere, bi lanak uztartzea oso aberasgarria izan daiteke. Izan ere, bi logikak, ikerketaren bidez galdera bat erantzuteak eta hezkuntzaren bidez zenbait galdera eta erantzun ikasleekin konpartitzeak beste dimentsio bat ematen dizu. Bakarkako Tesi lana, talde lana da hezkuntzan eta ikasleekin izandako solasaldi zein eztabaidak oso aberasgarriak izan dira, beste modu baten nekez lortu daitezkeen ekarpenak. Gainera, Mondragon Unibertsitateko kideek oso ondo hartu naute. Esperientzia oso polita izan da.

Gero eta tesi gehiago idazten dira euskaraz, ikerketa horiek lortzen al dute zure ustez behar bezalako zabalpena gizartean eta irakaskuntzaren munduan? Zein da zure ustez tesi bat egitearen helburua edo helburuak?

EHUko euskara erretoreordeak emandako babesa azpimarratu eta eskertu behar dut: iaz, tesi onak euskaraz sortzeko duen asmoa argi ikusi nuen euskara urratzen zuen egoera baten aurrean emandako laguntzarekin. Era berean, UEUk Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz abian duen Tesiker egitasmoak euskaraz dagoen zientzia denon eskura jartzen du Interneten. Beraz, euskarazko ikerketek geroz eta zabalpen gehiago dutela uste dut.

Beste alde batetik, tesia egitearen helburua? Tira, helburu asko egon daitezke, aurretiaz zuk esan bezala unibertsitatean sartzeko beharrezkoa da eta askok helburu hori dute unibertsitatearen sistemak hola behartuta.

Nire ustez, pena bat da baldintza hori izatea unibertsitatearen partetik: tesia jakin-min bat dagoelako abiatu beharko litzateke eta kuriositate eta ekarpen zientifiko baten ordez, behar eta logika mekaniko bat bultzatzen ari da horrela. Izan ere, bigarrenik, tesi baten helburuetariko bat, eta are gehiago diru publikoarekin egina bada, gizarteari ekarpen bat egiten saiatzea izan beharko litzateke. Eta hau oso zaila da tesia behartuta eta presaka egin behar baduzu.

Tesia egitekotan den gazte bati zein gomendio emango zenioke?

Lehenik eta behin ondo pentsatzea. Ni segituan hasi nintzen bide horrekin eta ez nuen kuestionatu, agian, bestelako lan batean gusturago egongo ote nintzen. Beraz, bere buruari galdetu diezaiola zergatik egiten duen eta zintzoa izan dadila.

Bestetik, nahiz eta azkenaldian geroz eta gehiago gaiak asignatzen diren, gustuko duen gai bat aukeratzea: azken finean, benetako tesi bat egiten badu eguneko 24 orduak emango dituelako gai horri bueltaka. Eta noski, tesi zuzendari, ikerketa talde, ikerketa programa zein sail egokiak aukeratzea.

Baina batez ere, gozatzea. Irakurtzea, pentsatzea, idaztea, hitz egitea eta jakin-min bat asetzea plazer bat dela ez ahaztea.