Ander Bolibar eta Kepa Matxain gazteek “Y belaunaldia” (1980-1995 artean jaiotakoak) eta kulturgintzaren arteko harremana nolakoa den jakin nahi izan dute eta jakinmin horren emaitza da `Erretenak, Y belaunaldia eta kulturgintza´ dokumentala. 25-30 urte arteko 7 gaztek hartu dute hitza eta gai ugari mamitzeko parada izan dute. Lanak gogoeta bideratu nahi du, eztabaida piztu eta norberak bere ondorioak ateratzeko tresna izan.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=TiHE6esWSxQ[/youtube]

`Erretenak, Y belaunaldia eta kulturgintza´, nondik datorkizue ideia?

Ander eta Kepa: Aspalditik egiten zigun kontuak atximur. HUHEZIn bada ‘Euskal Kulturgintzaren Transmisioa’ izeneko graduondoko bat, eta Kepa Matxain bekadun aritu da bertan bi ikasturtetan. Ander ere graduondokotik gertu ibili da, kontu bat dela eta beste bat dela. Ikus-entzunezko komunikazioko gradua ikasi genuen biok, eta Gradu Amaierako lana egiteko garaia heltzean, gure gustuko gai bat landu nahi genuen. Ohartu ginen bagenekiela belaunaldi zaharragoetako jendeak kulturgintzaz pentsatzen dituen hainbat gauza, baina gure belaunaldiak gai hori nola bizi duen arrastorik ere ez genuela. Susmoa genuen Y belaunaldiari bizitzea egokitu zaion garaiak badituela ezaugarri asko aurreko belaunaldietakoengandik desberdinak, eta horrek kulturgintza ulertzeko moduan ere eragin zezakeela.

Horrelako lan batean zein izan da zuen erronka nagusia?

Aukeraketa, zazpi hautatzean, beste hamaika baztertu ditugulako, eta sintesi lana. Collage itxura hartu du proiektuak, azkenean erabaki dugu gure diskurtso bat zabaldu baino, zazpi erretenek abiapuntu, eta helduleku asko plazaratzea. Aurrera begira eztabaida sortu ahal izateko materiala dagoela uste dugu.

Egile moduan, erreten al zarete zuek ere?

Biok gara belaunaldi kide. Azken finean gazteoi buruz asko esaten da, baina gutxitan izaten da gugandik esana.

Bertsolariak, musika kritikariak, poetak, blogariak, itzultzaileak… oparoa al da 90 hamarkadan jaiotakoen uzta?

Tira, agian oraindik goiz da uzta hori osorik zenbaterainokoa den jakiteko. Baina argi dagoena da gure belaunaldiari hainbestetan egotzi zaizkion ezaugarriak (esne-mamitan hazia dela, arduragabea dela eta beste mila topiko) fartsa hutsa direla. Topikoez ari garela, paradoxikoa da, ezaugarri horiek fartsa hutsa direla esatea ere topiko bihurtu da nonbait, berriki Banco Santanderrek mezu horixe bera erabili baitu spot batean. Establishmentak subertsiboa omen dena bereganatzeko duen ahalmenaren beste adibide bat.

Y deituriko belaunaldikoen artean ba al dago euskal belaunaldi baten kontzientziarik?

Ez dago belaunaldi kontzientziarik oro har, eta euskal belaunaldi kontzientziarik, ba ezta ere. Elkarrizketatu guztiek aipatzen dute beren adinkideek interes, pentsaera, kezka… askotarikoak eta oso desberdinak dituztela.

Kritika ezinbesteakoa da aurrera jarraitzeko, baina euskal sortzaileak autokonplazentzian sartuta bizi al dira edo positiboki hartzen dutela uste duzu kritika.

Guk entzun dugunez, urte askoan zehar aipatu da euskal kulturan kritika serio bat falta zela, txikiak izateak, denek elkar ezagutzeak baldintzatu izan duela alor hori. Aldiz, egun joera hori aldatzen ari dela ematen du, eta pixkanaka ari direla taxuzko kritikak egiten, bai musikagintzan, bai literaturan… gero norberak nola hartzen duen kritika? Hori beste kontu bat da, eta denetik egongo da, noski.

Kritikaren harian, emakume gutxi  eta sormen diziplina zehatz batzuk ikusten dira zuen lanean, zer dela eta? bigarren zati baterako gordeta dituzue beste kimu batzuk?

Egia da, dokumentalak Y belaunaldiaren lagin oso zehatz bat besterik ez du hartzen, eta aski aberasgarriagoa litzateke errealitate gehiago jaso izan balitu. Jo genuen beste kultur diziplina batzuetan dabilen jendearengana, baina gradu amaierako lana izaki, epe jakin batzuk eta denbora mugatua genuen lana osatzeko, eta horrek baldintzatu gintuen. Baiezkoa eman zigutenekin aurrera segi genuen. Emakume gutxi daudela, zer esanik ez. Askoz ere emakume gehiago agertzea zen hasierako asmoa, baina bi besterik ez, azkenean. Ohartzen gara belaunaldiaren erretratua egiterakoan lagin oso garrantzitsu bat utzi dugula kanpoan, eta autokritika egiten dugu.

Bukatzeko, sarean zabaldu da bolbora bezala jadanik dokumentala, nola mugitzeko asmoa duzue hemendik aurrera egindako lana?

Harrera oso ona izan du oraingoz. Sare sozialetan asko zabaldu da, ordu gutxitan 1000 bisita baino gehiago izan ditu bideoak… badirudi gaiaz interesa behintzat badagoela. Bideoa eztabaida biderkatzaile bezala planteatzea gustatuko litzaiguke, bertako aipu, eta gaiak hartu, eta solastu. Horretarako material aproposa izan daitekeela uste dugu, eta beraz gazte mugimenduan, hezkuntzan zein kulturgintzari buruzko mahai inguruetan erabiltzea gustatuko litzaiguke.