Aritz Garcia de Cortazar Arriola 26 urteko Gasteiztarra izan da 2014ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan kartel lehiaketan saritua bere “Irten zure burbuilatik/ Sal de tu burbuja” lanagatik.  Bartzelonan egin ditu arkitektura ikasketak eta bere zaletasunen artean mendizaletasuna eta hizkuntza eta kultura ezberdinenganako interesa aipatu dizkigu. Bidaiatzeak mundua ezagutzeko aukera eman dio eta ikaspen garrantzitsuak ikasi ditu horri esker.

“Irten zure burbuilatik” leloa eta irudi berezi hau nola bururatu zitzaizkizun?

Burbuila moduko batean bizi garela esango nuke, gure etxeetako epeltasun eta erosotasunean, baina baita mendebaldeko kulturan eta bizimoduan murgilduta. Egunerokotasunetik irteteko, beste bizimodu eta errealitateak ezagutzeko, burbuila hori hautsi egin behar da, ausartu, abenturan murgildu. Hori da kartelak bilatzen duen mezua, gure eskuetan dagoela adieraziz, EGL programa bezala, hurbil, erraz; azken finean nork ez du noizbait burbuila-paperarekin jolas egin?

Lankidetza munduarekin zein harreman duzu? Parte hartu duzu egitasmoren batean?

Lankidetza munduarekin harremana 16 urte nituenean hasi zen, Alemania ekialdera auzolandegi batera joan nintzenean. Hain esperientzia ona izan zen, georago Finlandia, Kroazia ta Ukranian bolondres ibili nintzena, betiere ekologia, kultura ta arkitektura lanetan. Unibertsitateak, bestalde, hegoaldearekin harremanetan jartzeko aukera eman zidan, eta etxebizitza minimora eskubidea lantzen duen lankidetza proiektu baten barnean birritan Guatemalara bidaiatu dut. Mugarik Gabeko Arkitektuak elkartearekin ere elkarlanean izan naiz, batez ere Mozanbikeko proiektuetan.

Zure ikasketek edo zaletasunek lankidetza munduan barneratzeko lagungarri izan direla esango zenuke?

Nere ustez edozein ikasketa eta zaletasunak izan dezake harremana lankidetzarekin; ikasi, partekatu eta elkarlanerako motibazioa eta gogoa izatea da kontua. Egia da nere interesak eta ikasketak, hizkuntzak esaterako, lankidetzara hurbiltzeko tresna baliagarri izan zirela. Baita arkitektura ere, mundu osoak baitu babes eta aterpearen beharra. Halere, ziur nago edonork, ikasi duena ikasi duela eta dituen zaletasunak dituela, bere aportazioa egin dezakeela.

Irabazitako sariari esker Hego Amerikara bidaia bat egingo duzu aurten, badakizu nora joango zaren?

Aukera guztiz librea izanda, eta Hego Amerika bera inoiz zapaldu ez dudanez, ez da aukera erraza. Kontinente osoa ezagutu nahi dut!

Bertako distantziak kontuan izanda, halere, aukeratu egin beharra dago. Muga politikoak alde batera utziz (nigatik balitz danak ezabatuko nituzke), Andeetako kultura inka eta beren ondorengoak ezagutu nahiko nituzke, kolonizazio garaiko hiri garrantzitsu batzuekin batera, Argentina iparraldea, Bolivia eta Peru hegoaldean hain zuzen.

Zer iruditu zaizkizu lehiaketan jasotako lanak?

Diseinu eta argazkilaritzaren mundua gustoko baditut ere, ez naiz oso aditua. Lema onak eta irudi komunikatiboak eta kilikagarriak ikusi ditut. Pertsonalki irudi eta mezu sinple eta zuzenen aldekoa naiz, eta dudarik gabe ideia interesgarriak daude lanen artean. Lema eta irudi askok, gainera, lankidetza munduaren ezagutza edo esperientzia agerian uzten dute. Kreatibitatearen defendatzaile eta zale izanik, horrelako lehiaketek sortzen duten lanen kalitate eta hausnarketa maila eskertzekoa da, eta seguraski, beharrezkoa.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan izena ematea gustatuko litzaizuke kartela egin ostean?

Momentu honetan nere bizitza planen eta programaren arteko bateragarritasuna zaila bada ere, aukera ezinhobea iruditzen zait beste errealitateak ezagutu eta geure baloreen eta bizimoduaren inguruko hausnarketa pizteko. Honen moduko esperientzia baten ondoren ez da inor axolagabe (indiferente) geratzen. Nik argi izango nuke. Zuk? Bada, irten zure burbuilatik!