Luali eta Ane

Ane Elberdi zornotzar gazteak Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara berriki egin duen bidaiaren berri ekarri eman digu.

 

Azaroaren 29an abiatu ginen Loiuko aireportutik Tindoufera, Aljeliara. Bertatik 40 kilometrora aurkitzen dira  saharar errefuxiatuen kanpamentuak. Lau dira; Smara, Aaiun, Dagla eta Awserd. 160 euskaldunek betetako hegazkinak elkartasun bidaia zuen helburu. Argelian kokatuta dauden saharar errefuxiatuen kanpamentuetan aste bete igarotzeko asmoz, bertako biztanleei gure laguntza eskaini eta baliabide materialak eraman genizkien. Eman eta jaso egin dugu. Esperientzia guztiz aberasgarria izan da. Etxebarriko Munduaz Blai elkarteko kideok Smarako Goz Salem eta Aminetu Haidar haurtzaindegietan “Gosari solidarioen” proiektua aurrera eraman dugu. Horrez gain, aurrerantzean beste proiektu batzuk gauzatzeko inguruaren azterketak ere egin ditugu.

Zelakoa da eguneroko bizitza kanpamenduetan?

Sahararren bizitza kanpamentuetan nahiko lasaia da. Goizean goiz jaikitzen dira, zazpiak aldera otoitzerako deiarekin batera. Umeak eskolara doaz, haurtzaindegi, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak daude. Helduak, merkatuan egiten dute lan, irakaskuntzan edo osasun arloan. Hala ere, lanik egiten ez duten pertsonen kopurua handia da. Kulturalki, gizonak dira etxeetako diru iturria eta emakumezkoak etxeaz eta umeen zaintzaz arduratzen dira.

Brahim Mohamed Lehen Hezkuntzako eskola

Zein izan da zure egitekoa Saharan?

Etxebarriko Munduaz Blai elkarteko zenbait kidek egin dugu bidaia. Gure helburua urtean zehar hemen lantzen den proiektua aurrera eramatea izan da. Smarako kanpamentuko bi haurtzaindegitan proiektu bana egin dugu; umeek goizetan haurtzaindegian gosaltzeko baliabideak eraman ditugu, gehienek ez baitute etxean gosaltzen. Horrez gain, bigarren hezkuntzako Brahim Mohamed eskolan dinamikak egin ditugu. Umeek saharar istorio tradizionalak idatzi eta ilustratu dituzte; guk horiek ekarri eta Etxebarriko ikastetxera eramango ditugu.

Zelako errealitatea topatu duzu bertan?( jendea, bizi baldintzak)

Oso jende jatorra, esker onekoa eta eskuzabala. Duten guztia eskaini digute eta haien etxean hartu gaituzte senitarteko beste edozein bagina bezala. Haien bizi baldintzak ez dira onak; ur kutsatua edaten dute, baliabide ekonomiko oso urriak dituzte, Fronte Polisarioak hilaren hasieran elikagaiak luzatzen dizkiete baina ez dira elikadura egoki bat aurrera eramateko bestekoak, ez dute argindarrik eta osasun arloan gabeziak izugarriak dira.

Munduaz Blai elkartearen inguruan kontaiguzu zerbait

Hogei bat lagunek osatutako elkartea da eta duela lau urte sortu zen. Etxebarriko udala Smara kanpamentuko Echderia herriarekin senidetu zen eta horren ondorioz sortu zen elkartea. Urtean zehar hainbat ekintza egiten dira; sentsibilizazio jardunaldiak, yalah fest (elkartasun kontzertuen jaialdia), udan umeak harreran jasotzen dira, umeen ongi etorria prestatzen da etab. Horrez gain, segurtasuna bermatua dagoenean eta Euskadiko Fronte Polisarioaren delegaritzak elkartasun bidaia antolatzen duenean saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaiatzen da. Saharar herriarekiko elkartasuna da oinarria.

Brahim Mohamed Lehen Hezkuntzako eskola

Ortuak eta haurtzaindegiak Saharan, nola antolatzen dira eguzkipean?

Neguan joakeran ez dugu bero izugarririk jasan. Baina egia da beroak haien bizimoduan eragin handia duela, bizimodu lasaiagoa daramate orokorrean. Haurtzaindegietan beroak baino hotzak eragiten du, irakasleen esanetan neguan hotza (15-20 graduko tenperatura) dela eta ume asko ez dira eskolara joaten. Ortuan aldiz goizeko lehen orduak aprobetxatu behar dira lan egiteko.

Zein azpimarratuko zenuke bidaia honetaz?

Saharar herriaren eskuzabaltasuna eta esperantza. Independentzia lortzeko duten grina izugarria da eta arazo politikoa oso presente dago. Guk Euskal Herritik elkartasunean lan egiten dugu haiekin; bidaian aldiz, bertako egoera hurbiletik ezagutzeko aukera izan dugu. Ezagutza sakondu eta etorkizuneko proiektuak bideratzeko balio izan digu esperientziak, haien egungo beharrizanak zeintzuk diren ezagutu dugu.

Bueltatzeko gogorik bai?

Bueltatzeko gogoa bai, baina hemendik bertatik lan egitekoa ere. Nahiz eta kilometro askok banatzen gaituzten, orain Euskal Herrian lan egitea egokitzen zaigu. Baliabide, material eta elikagaien bilketan, proiektu berriak sortzen eta sahararren kanpamentuetako bizimodua ahalik eta hoberena izan dadin borrokatzen.