Bertoko musikari, musika irakasle, soinu ingeniari, programatzaile eta bideogile talde batek 3 urtetan egindako lanaren emaitza da Practice Your Music aplikazioa. Tresna honen helburua taldean musika praktikatzeko aukera ematea da musika ikasle eta musikazaleei. Etxeko ordenagailua erabiliz edonork jo eta hobetu dezake bere teknika, era erraz dibertigarri eta dinamiko batean.

Practice Your Music softwareak, musika talde batekin jotzeko aukera eskaintzen du; partiturak eta musikariak jotzen ageri direlarik bideoak aurkeztuz. Musika estilo ezberdinetako 200 kantu daude bilduta aplikazioan, momentuz, jazz, blues eta musika klasiko doinuak. Egileek bestalde euskal kantu herrikoiak eta pop eta rock kantuak biltzea espero dute aurki.

Ekimen honetan lanean ari den Unai Mimenzarekin solas egin dugu egitasmoaren inguruko xehetasun gehiago jakin asmoz.

Nola bururatu zitzaizuen Practice Your Music bezalako aplikazio bat garatzea?

Horrelako zerbaiten beharra zegoela ohartu ginen. Gutako batzuk musika irakasle ziren eta ikasleek eskolatik kanpo ez zutela gehiegi praktikatzen konturatu ziren, bakarrik jotzea aspergarria zelako. Taldean egiteko aukera etxetik gainera erakargarria zela pentsatu genuen.

Momentuz Beta bertsioan erabil daiteke aplikazioa, zeintzuk dira bere ezaugarriak?

Egun blues, jazz eta musika klasiko estiloetako 200 kantu ikusi, entzun eta praktikatzeko aukera du erabiltzaileak. 10 eguneko probako bertsioa dago sarean eta ondoren ordainpekoa da. Laster kantuak banaka jaisteko aukera egongo da i-tunesek egiten duten antzera. Gure asmoa jendeak beharren arabera erabiltzea da aplikazioa.

Kantuen egile eskubideak nola kudeatu dituzue?

Jazz eta blues musikari dagokionez kantuen egileek baimena eman digute Practice Your Music-en kantak jartzeko eta musika klasikoari dagokionez ez dago arazorik egile eskubideekin.  Zailena beste estilo batzuekin hitzarmenak lortzea izango da, disketxeak tartean daudelako, pop edo rock&rollarekin esaterako.

Zer moduzko harrera izan du orain arte Practice Your Music-ek erabiltzaileen artean?

Tresnaren sustapen lanetan ari gara momentu honetan, musika eskoletan, musika ekitaldi eta kongresuetan etab. Egia esan, jendeak oso ondo hartu du ideia.

Momentuz, gure erabiltzaile gehienak bertokoak dira baina, Hego Amerikako zein Ipar Amerikako erabiltzaileak ere baditugu.

Dagoeneko, munduko leku ezberdinetan aurkeztu dugu aplikazioa, Viena edo Korean esaterako. Berriki lankide bat, Hego Amerikako Euskal Etxeetan ere ibili da laster  abiaraziko dugun Euskal Kantu Herrikoien berri ematen.

Gure asmoa etorkizunari begira, estilo ezberdinetako kantu gehiago biltzea da; euskal kantu herrikoiak (laster izango dugu) pop eta rock kantuak etb. Era beran, musika taldeak eta albumak sustatzeko ideia berritzaileak ere baditugu.