Hasi da 2.eguna. Ordu erditxo gehiago egin dugu lo, merezita aurreko egunean ibili eta gero. Faduratik Bilbora metroa hartuta, jendea metroan harritu ostean gure kasko, bizikleta eta ekipo guztiarekin Boluetara ailegatu gara Euskotrena hartu eta Zumaiara bidaiatzeko. Esango duzue: “a ze nolako kirolariak garraio publikoan ibilita!” Ba ez guztiz, lan eta lan ibili gara zuek informatzeko bideoak egiten, eta beste batzuk lan nahikoa pixagura aguantatzen, 2 orduko traiektuan komunik ez dago eta! Hori konpondu beharra dago.

Azkenean iritsi gara Zumaiara eta goiza flyscha ikusten eman dugu. Paisaia ikusgarriak gozatuz historian barneratu gara. Horren ezaguna den geruza ikusteko aukera izan dugu, dinosauroak eta beste millaka espezie suntsitu zituen asteroidearen errautsak eta iridioa dauzkana,  eta Kretaziko eta Tertziario garaien muga adierazten duena.

Inguru hauek ikusita Zarautz aldera jo dugu bizikleten gainean. Abiatu orduko Askizuko gainera eramaten duen aldapa latzarekin topatu gara, hala ere, lortu dugu igotzea nahiko izerdi botata. Ezin izan diogu tentazioari eutsi eta Askizuko frontoian pilota partidutxo bat jokatu dugu, Imanolek ekarritako pilota estreinatzeko.

Zarautzen itsasoari begira bazkaldu ostean Axiren surf eskolara jo dugu neoprenoen bila uretara sartzeko irrikitan, bigarren eta azken saioaz gozatzeko gogoz.  Eguraldia kaxkartu bada ere, primeran ibili gara atzo ikasitakoa praktikan jartzen.

Eguna amaitzeko presaka afaltzera iritsi gara aterpetxera eta Irati Andari ongi etorria egin diogu, berarekin ekingo diogun bidaiaren etapa berria aurrekoaren bestekoa izango dela zihur gaude.

Argazki guztiak hemen