Euskal Herriko txoko lasai hau pasatzean, zaila da imajinatzea orain dela 500 urte gure lurraldeko toki industrializatuenetarikoa izan zela: Bizkaitik ekarritako burdina, uraren indarrez mugitutako burdinolak, ibaiak gaurko autopisten modura… Leitzarango bide berdean gaude, Gipuzkoa eta Nafarroa artean eta gure gaurko ibilbidearen ardatzean. Taldeko gehienek ez genuen txoko hau ezagutzen eta hainbat bitxikeria aurkitu ditugu. Hasteko, 30 tunel baino gehiago: batzuk ilunak, besteak argituta eta bat 2.700 metro luze, barruan hotza eta euria, kanpoan ordea, beroa eta ateri. Denboraren poderioz basoan ahazturiko harrizko eraikin industrialak, eta batzuetan gizakiaren axolagabekeriaz hormigoiez estalita. Dudarik gabe, Andoain eta Lekunberri arteko bide hau, familiarekin edo lagunekin egun pasa zoragarria egiteko tokia da.

Mendiak tuneletatik zeharkatzea lortu dugu, baina aurretik, gure lehenengo asmoa gainetik pasatzea izan da, arnes, mosketoi, soka eta kilkerrekin. Zergatik? Gure eguna Hernaniko Santa Barbara eskalada eremuan hasi dugulako Irati Anda eskalatzailearekin. Atzo Donostiako rokodromoan barneratutakoa, benetazko arrokan praktikatu dugu. Santa Barbaran eguneko lehenengo bisita izan dugu, gero beste bat Andoainen eta hirugarrena bide berdean. Ez badakizue, jendea (batzuetan ezaguna, besteetan ez) guregana hurbiltzen da argazkia atera eta gurea bezalakoa den kamiseta berdea lortzeko. Aurkitzen bagaituzue, anima zaitezte!
Gure etapa luzeena izan dena, Lekunberrin bukatu dugu eta kirolarien arteko lekuko aldaketa izan da: Irati Anda eskalatzailea penaz utzi eta Oihana Kortazar korrikalari gogotsua etorri zaigu. Bihar eta etzi, elkarrekin korrika egingo omen dugu mendian gora, mendian behera, gure abentura jarraitzen baduzue, zertan zehazten den jakingo duzue. Oraingoz eta bukatzeko, Irati artistak bere agurrean bota duen bertsoa uzten dizuegu, gure arteko giro ona eta aparteko esperientzia zinez laburtzen duena:

“Zuek gabe ia nire bizitza
ez da izango berdina
bide berdeak, kriston gaubelak
zerua beti urdina.
Gaur Lekunberri hemen uzteak
pena emango dit jakina
baina Oihana zuekin dago
neska kañera ta fina
behintzat nirekin eramango dut
zuen poza eta grina”.

 Argazki guztiak hemen