YouTube Preview Image

Gurpiletako kamerek bidai osoa iraungo zutela esan eta… kamerak zulatzen hasi zaizkigu (hiru zulaketa jarraian). Gainera etapa epikoa izateko falta zitzaigun ekaitzak momentu horretan azaltzea erabaki du, gurpil zulagaitzen istorioa kondaira hutsean utziz. Orio eta Donostiaren arteko baso eta bide aldapatsuek gogotik jardutzea eskatu digute.

Abenturaren hirugarren egunean murgilduta gaude jada . Goizero bezala, alforjak berriro bete eta Zarautzeko Aterpetxean gosaldu ondoren, Irati Anda, Gasteizko eskalatzailearen hitzaldia gustora entzuten aritu gara. Axi Munianek egin zuenaren antzera, bere kirol-ibilbidearen garai gozoenak eta gogorrenak azaldu dizkigu.

Asko kostata ere, baso bakartietatik irten eta Kontxako pasealekuan blai eginda agertu gara. Pio Baroja kiroldegira heldu bezain laster dutxa bero eta merezi bat hartu dugu . Gosea asetu eta lo kuluxka bat egiteko denbora barik eskalatzen hasi gara. Pareta gora pareta behera koreografia bertikala dantzatuz arratsalde joan zaigu. Berriz ere bizikletan igo eta Urnietako salesiarren aterpetxe bedeinkatura heldu gara.

Bapo afaldu ondoren, gaurko Urnietako erredakzioan beste tresna berezi batzuekin ere ari gara: betiko ordenagailu eta kamerez gain, piano zahar bat jotzen hasi dira gutako batzuk eta denok kantuan ari gara lanean: “Adixkide bat bazen…”.

Argazki guztiak