Gure abentura hasteko Traslaviñara, Enkarterrietako herri txiki batera, abiatu ginen. Bertan bizikletak jaso, Euskal Telebistarako erreportajetxo bat egin, eta azkenik, bidaiari ekin genion. Gure lehenengo kilometroak Burdinezko Mendien artean egin genituen bide berdetik. Bertan aintzinako meatzeen aztarnak ikusi (galeriak, meazuloak, kargalekuak eta 200 metroko sakonera eta zortzi hektareako zabalera duen Concha zuloa) eta historia zaharretan murgildu ginen: Bizkaiko Ezkerraldeko hazkuntza ekonomikoa, langileen borrokak eta euskal sindikalismoaren hasiera, paisaiaren aldaketa nabarmenak, etabar.

Ezusteko aldaparen bat izan arren, bide lasaia eta atsegina izan zen gure artean elkar ezagutzeko eta lehengo barreak egiteko aproposa. Portugaleteko taberna aldapatsu batean ederki eta merezita bazkaldu eta gero, Gizarteriaren Ondarea den Bizkaiko Zubia gurutzatu genuen. Faduratik pasa, Sopela hondartzako Gorka Yarrituren surf eskolan materiala hartu eta Axi Muniainekin eta Lurta, bertako beste irakaslearekin, uretan sartu ginen.

Hainbat txiribuelta, erori, kolpe, ur-trago eta abarren ostean, guztiok behin edo behin zutik jartzea lortu genuen, irakasleak txundituta utziz. Axiren esanetan, hogei metroko olatu erraldoiak hartzeko prest gaude! Bi orduz azalak zimurtzeraino uretan egon ostean, atera, lehortu eta ziztu bizian afaltzera abiatu ginen egunean zehar gastaturiko indarrak berreskuratzeko. Gure lehenengo eguna bukatzeko, aste honetan egin behar ditugun lehenengo lantxoekin kontaktua izan genuen: GPS-a, Flickr-a, bloga, bideo edizioa… adi egon eta ez galdu gure pausorik!

Argazki guztiak hemen

Gure ibilbidea GPSan