Etengabeko bidaiak martxan darrai, hirugarren Auzolandegira heldu gara, Añanako Gesaltzan kokatuta dago, Arabako herrialdean, Burgosekin mugan. Bertan gatza egiteko instalazioen mantentze lanak egiten dituzte boluntarioek, baina guk aisialdi garaian harrapatu ditugu.

Añanako Auzolandegia internazionala da, eta hortaz, bertako kideak mundu osokoak dira. Bertaratutako frantsesen iniziatiba gisa, gaurkoan kultura ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izan dugu. Gazta lehiaketak zabaldu du afaria, bost gazta probatu ditugu, lau frantsesek ekarriak eta bestea etxekoa, Idiazabal gazta. Kostata, baina azkenean frantsesek eraman dute saria.

Guztion artean taloak ere egin ditugu, eta nola ez, sagardo dastaketa. Txotx! oihua lotsatuta egin badute ere, gustura edan dute sagardoa frantsez, errusiar, italiar eta turkiarrek.

Asteburuetan ez da lanik egiten, inguruak ezagutzeko aukera izaten da, aisialdiaz gozatu, jendearekin harremanak estutu… Gaurko txangoa Valderejoko parke naturalera izan da, mendi buelta egin dugu (Ikusi argazkiak). Errusiarrak ez du kontzeptua ulertu:: “Baina zertarako ibili helmugarik gabe?”. Guk barre artean kirola egin, naturaz gozatu eta hizketan ibiltzeko arrazoitu dugu, ez dugu konbentzitu, euskaldunok agian inertzian dugu mendia.

Auzokontalariak ekimenerako Ane Elordik eta Ander Bolibarrek egindako posta