IBON GARRO

Ibon, 19 urteko gazte gasteiztarra da. Fisioterapia graduko lehenengo maila ikasten du Tuteran. Kermanekin joan da Lemoako auzolandegira, bi lagun auzolandegi berean. Lemoako auzolandegira etortzea erabaki zuten internazionala zelako. Haien hasierako nahia Europa mailako auzolandegi internazional batera joatea bazen ere, ez zuten plaza hori eskuratu eta Lemoara joatea erabaki zuten. Bai Kerman, bai Ibon esperientziadunak dira auzolandegien munduan.

– Zure bigarren auzolandegia da Lemoako hau, duela bost urte beste baten egon zinen. Zerk bultzatu zintuen esperientzia errepikatzera?

Hamabost urte genituela Kerman eta biok gure lehendabiziko esperientzia bizi genuen auzolandegi batean. Soriara joan ginen, bertan dinosauruen urratsen inguruko auzolandegian egin genuen lan. Oso gustura egon ginen eta errepikatzea erabaki genuen.

– Eginbeharreko lanaz aparte, gehiago ikasten ahal da auzolandegietan? Elkarbizitzen, gainontzekoen kultura ezagutzen,…

Eginbeharreko lanaz gain, pertsona bezala ere ikasten da. Gainontzekoei haien kulturaz galdetuta, haien herrialdeen berrri izaten dugu. Adibidez, Alexei errusiarrak bere herrian ikasketen funtzionamendua nolakoa den azaldu zigun, hemengoarekin alderatuz guztiz bestelakoa baita.

– Beste opor eredu batzuekin konparatuz, zergaitik hautatu duzu auzolandegi batera etortzea?

Hemen lana egiten da eta ondo pasatzen dugu. Goizean ordu gutxi batzuk lan eta arratsaldean edozein udalekutan bezala ekintzak egiten ditugu eta oso ondo pasatzen dugu. Ez daukagu zertan Saloura joan beharrik ondo pasatzeko.

– Zure ustez auzolandegiak bezalako ekimenak ezagunak dira edo oraindik gizartean ezagunago bilakatu beharko lirateke?

Egia da gazteen artean ez direla lar ezagunak auzolandegiak baina plazak esleitzerako orduan gazte askoren eskaria da, beraz badago parte hartzaile kopuru handia. Gazte askoren artean ezagunak dira baina ez dute parte hartzeko pausua ematen. Horregatik nire ustez beharrezkoa da, auzolandegien mundua gehiago sustatzea, plaza gehiago egon beharko lirateke.

– Etorkizunean, auzolandegien munduan jarraitzeko esperantzarik duzu?

Bai, errepikatzeko asmoa daukat eta posible bada atzerrira joatea gustatuko litzaidake. Sorian eta Lemoan egon ostean, Europara joatea gustatuko litzaidake. Lan arloari begira, ez dut preferentziarik.

Auzokontalariak ekimenerako Ane Elordik eta Ander Bolibarrek egindako posta