Bihar ekingo diogu gure abenturari, urduri, pozik eta gogotsu gaude, esperientzia berri bat bizitzeko gogoz. Hamalau egunetan zehar Euskadiko zenbait txokotara hurbilduko gara, bertako auzolandegietako giroa gertutik bizitzeko. Lemoan ekingo diogu bideari eta Amurrio, Añana, Bergara, Aduna, Lekeitio eta Mundakan egongo gara. Boluntarioen lana zein den ezagutu eta internet bidez jendeari ezagutarazteko. Horretarako argazki, bideo eta postak idatziko ditugu blog honetan.

Gu, Ander eta Ane gara, komunikazioaren munduari lotutako bi gazte. Horregatik, hamalau egun hauetan auzolandegietan biziko ditugun kontuak, esperientziak eta istorioak zuei komunikatu dizkizuegu. Biziko dugun esperientzia berri hau oso aberasgarria izan daitekeela deritzogu. Izan ere, auzolandegi bakoitzeko betebeharrak eta partaideak guztiz bestelakoak dira. Horregatik, haiek egin beharreko lanetan oinarritu arren, aisialdiko ekintzei ere garrantzia emango diegu, eta ahal den neurrian partaide bilakatuko gara.

Beraz, gure esperientzia eta sentsazioak ezagutu nahi badituzu blogean sartu zaitez.  Auzolandegiak, boluntariotza, aisialdia,  bertako parte hartzaileak eta beste zenbait gai izango ditugu izpide.  Hasteko prest gaude eta bihartik aurrera, egunero gure berri izango duzue!