Bidaia orok bere amaiera izan behar omen du. Gureari behintzat amaitzeko ordua iritsi zaio. Bi astez Euskal Herriko zazpi Auzolandegietatik pasa gara, bi egun bakoitzean. Gure burua aurkeztu, bertako jendea ezagutu, egiten duten lanaren testigu izan, eta lekukotu orduko hurrengo helmugarako motxila prestatu.

Esperientzia bitxia gurea, lagun asko geldituko zaizkigu egun hauetatik, hamaika bizipen, istorio kuttun eta toki zoragarri.

Gogoan dugu Lemoako txokoa, goraintziak Tertangako enpanadilla taldeari, Añana Gesaltzan Beat it dantzatzeko lehen pausoak ikasi genituen, Bergarako #holamanolo guztien erruz burua galtzekotan izan gara, Adunako karaokearen oihartzunak ozen dirau burmuinean, Lekeitioko ezkutuko lagun ezkutuaren bila jarraitzen dugu, eta Mundakako kulturartekotasuna amaiera ezin hobea izan da.

Bi asteetako lanen fruitua ere agerikoa da, lubakiak garbiago daude Lemoatx eta Belkoainen, Tertangako errota utzikeritik berpiztu da, Bergara zein Lekeitioko egoiliarrek bizipoza bereganatu dute, Gesaltza Añana gogor suspertzen ari da eta Busturialdeko gazteek ederki pasa dute.

Faltan botako ditugu ohatze hirukoitz, zurrunka koru eta ziztada andanak. Gaubela luze, eta lan goiztiarrak merezi izan dutelakoan gaude. Lan ederra egiten da Auzolandegietan, segi horrela eta hurren arte!

Auzokontalariak ekimenerako Ander Bolibar eta Ane Elordik egindako posta.