Ane Elordi zornotzarra eta Ander Bolibar bergararra dira Auzokontalariak lehiaketan irabazle suertatu diren bi gazteak. Lan eder ugari jaso ditugu eta epaimahaikideentzat ez da erraza izan aukeraketa egitea. Eskerrik asko parte hartzera animatu zareten guztioi.

Uztailaren 16tik 30era bitartean Euskadiko 7 auzolandegietan izango dira Ander eta Ane blogari lanak egiten. Horretarako 24 orduko elkarbizitza egingo dute auzolandegietako egunerokoa barrutik ezagutu eta bizitzeko.  Ondoren egunero idatziko dituzte elkarrizketak, erreportajeak eta kronikak Gazteaukera blogean. Egindako argazki eta bideotxoek ere esperientzia ezagutarazten lagunduko digute.

 

Baina, nolakoak dira bi Auzokontalariak?

Ander Bolibar, 24 urteko bergarra, Ikus-entzunezko komunikazio gradua amaitzen dabil  eta datorren urtean lan munduan sartzeko esperantza dauka. Bi zaletasun nagusi ditu: Musika eta zinema eta Txapa irrati librean saio bat egiten du; Paradisu zinema.

 

Ane Elordi, 22 urteko zornotzarrak bukatu berri ditu kazetaritza ikasketak. Hainbat zaletasun ditu, tartean, aisialdiko hezitzailea da eta udalekuetan ibiltzea oso gustoko du. Irakutzeko zaletasun handia du baita.

 

Zer dela eta erabaki zenuen Auzokontalariak lehiaketan parte hartzea?

Ander: Aukera ona iruditu zitzaidan udako egunak aprobetxatzeko, jende eta leku berriak ezagutu, denbora aprobetxatu, esperientzia bereganatu eta diru bat aurreztu. Lehiaketak eskatzen zuen perfilarekin bat nentorrela uste nuen eta horrek animatu ninduen parte hartzera.

Ane: Auzolandegien mundua ez da oso ezaguna niretzako, inguruko lagunen bat ibili izan da auzolandegietan eta horren bitartez bakarrik ezagutu izan dut mundu hau. Ideia polita iruditu zitzaidan Auzokontalariek egin beharreko jarraipenarena, asko izango direlako auzolandegien mundua hurbiletik ezagutzen ez dutenak, eta beraz gure lana  mundu hau ahalik eta gehien ezagutaraztea izan beharko litzateke.

 

Izan duzu Auzolandegietan edo boluntariotza programaren batean esperientziarik? Zeinetan?

Ander: Nire herrian zazpi Auzolandegietako bat dago eta aurreko urteetan bertako kide batzuekin izan naiz. Denbora librea eta auzolana uztartzen dituen heinean, proiektu interesgarria iruditzen zait.

 

Idazten, elkarrizketak egiten, argazkiak ateratzen… nola moldatzen zara?

Ane: Kazetaritza ikasketak bukatuta ba egia esan gustura sentitzen naiz kazetari lanak burutzen. Idaztea grabatzea eta editatzea baino gustukoago daukat baina argazkilaritzarako zaletasun handia daukat.

 

Bi astez 7 auzolandegietan elkarbizitza egiteko aukera izango duzu. Zer eskainiko dizula uste duzu esperientzia honek?

Ander: Asko ikasteaz gain jende berria ezagutuko dut. Guk bertako errealitate eta esperientziak kontatuko ditugu, baina auzolandegien parte izango garenaren sentsazioa ere badut.

Ane: Uste dut esperientzia oso aberasgarria izan daitekeela, batez ere elkarbizitzak auzolandegiak hurbiletik ezagutzeko aukera emango digulako eta jende oso desberdina ezagutzekoa ere. Denbora tarte txiki baten gauza berri asko eskainiko dizkidala espero dut.

 

Kontaiguzu aurkeztu duzun zure lanaren inguruko zerbait

Ander: Egunerokoan boluntariotza proiektu desberdinekin topo egin dut, batzuen parte ere izan naiz eta horrek nigan utzi duen aztarna modu baikorrean azaldu nahi nuen.

Ane: Bai, boluntariotza proiektu baten inguruko lan bat egin beharra zegoen eta nik Geu Be elkartearen ingurukoa egin nuen. Hurbileko elkartea da niretzat, lagun baten bitartez ezagutu izan dut eta nire ustez Durangaldean beharrizan bereziak dituzten pertsonen alde lan asko egiten dute. Proiektu eredugarria iruditzen zait eta gainera aurten hamargarren urteurrena ospatu dute. Beste urte askotan ere horrela jarraitzea espero dut.

Hona hemen Anderren lana. (PDF 119 KB)

Hona hemen Aneren lana. (PDF 518 KB)