Ibilbideak egitasmoak urtebeteko bidea egin du eta denbora tarte honetan izandako bilakaeraren berri jakin gura izan dugu.

Baina zer da zehazki ibilbideak? Komunikazio tresna bat da, jarduera fisikoa sustatu, kirol ez motorizatuak praktikatzeko aukerak eman, topagune bihurtu, eta nola ez, mugitzeko bide berriak erakusten dituen plataforma birtuala da, besteak beste.

Web orri txukun eta mamitsua lagun duela atal ezberdinak aurki ditzake ibiltariak, esaterako, geraleku eta bilgune birtuala, Aterpe atalean. Sustatzaileen esanetan Aterpe komunikazio tresna bat da, ibiltarien sarea. Talde batzuk sortu dira gai ezberdinen arabera eta ibiltariak talde horien jarraitzaile bihur daitezke;  Txikibiltariak, familia ibiltarien bilgunea, Mendibiltariak, mendia sentitzen duten ibiltarientzako , E.J.EM.P.L.O, Eguneroko Joan Etorrietan Mugitzeko Prest Lagun Oro, Emekibiltariak, emakume ibiltarientzako taldea … eta  gazteentzat  ere badabiltza talde bat prestatzen.

Webgunea eta komunitatea dira egitasmoaren ardatz nagusiak, eta komunitatea egin eta zaintzeko, informazio baliagarria eskegi, mapak egin, jardunaldien berri eman, kedadak antolatu, hitzaldiak eman, GPS materialaren mailegua egin, auzolana sustatu zein bestelako proiektu ugari garatu dituzte.

Egitasmoa abiadura onean hazten ari dela diote plataforma honen kudeatzaileek, eta ez dute azkarrago joan nahi, banan-banako arreta eman nahi diote gerturatzen den orori. Komunitatea egiten ari da beraz, eta ibiltariak gerturatzen ari dira apurka-apurka. Dagoeneko 2700dik gora dira egitasmora hurbildu eta izena eman dutenak.  Online eta Offline ekintzen konbinaketa  egiteko aukera hor dago.

Zeuk ere ateak zabalik dituzu, gogoz bazabiltza sar zaitez!