Lorena Zabala eta Clara Díez gazteak dira 2013ko Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan kartel lehiaketako irabazleak. Biek Hego Amerikako herri batera joateko bidaia txartela irabazi dute, beraien lanari esker.

Lorena, 25 urteko arkitektura ikasle bilbotarra da. Egun, karrera amaierako proiektuan lanean ari da buru-belarri. Kirolzale amorratua da eta saski baloiko lehen mailako  talde batean jolasten du. Zirkoa, magia, lagunekin irtetea eta bidaiatzea atsegin ditu, besteak beste. Berea da Auzolandegietako kartelaren irudia.

Clara Madrilen jaio, Sorian bizi eta aspaldidanik Usurbilen bizi da. Gizarte-laguntza ikasketak egin zituen eta joan den irailean bueltatu zen Venezuelatik bertan urtebete igaro ostean kooperante lanetan. Egun etxerik ez duten pertsonentzako Rais Euskadi elkarteak kudeatzen duen Gaueko Aterpetxe batean lan egiten du. Clarak egin du Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako kartela.

Lorena eta Clara,  Zer dela eta erabaki zenuten kartel lehiaketan parte hartzea, eta zer iruditu zaizkizue jasotako lanak?

Lorena: Kartelen diseinuan interesa izan dut betidanik, eta zenbait lehiaketetan parte hartu izan dut. Lehiaketa hau ikusi nuenean parte hartzea erabaki nuen. Gainera saria eta lehiaketaren xedea erakargarriak iruditu zitzaizkidan. Jasotako lanen artean deigarria iruditu zait ideien aniztasuna.

Clara: Egia esan lagun batek eman zidan lehiaketaren berri. Udaran Venezuelara joateko asmoa nuen eta lagunak animatu ninduen parte hartzera. Jasotako lanak orokorrean oso originalak iruditu zaizkit, argazki politak daude eta niretzat deigarrienak leloak izan dira. Nik leloa egiteko orduan izan dut zailtasunik handiena, hitz gutxitan laburbildu behar batira gauza asko.

Lorena:  Zeureak dira  aurtengo Auzolandegietako kartelaren irudia eta leloa, zerk inspiratu zaitu kartela egiteko orduan?

Magia asko atsegin dut eta ideia polita izan zitekeela pentsatu nuen  auzolandegiekin uztartzea. Auzolandedietan parte hartzea esperientzia magikoa izan zitekeela pentsatu nuen. Hori dela eta bururatu zitzaidan leloa: Auzolandegiak, magiaz beteak.

Clara: Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak 3, 2, 1 … Ekin! leloa eta film baten irudia ditu, zer dela eta?

Mezua zein izango zen pentsatzen hasi nintzenean argi nuen indartsua izan behar zuela beronek, buruari bueltak ematen hasi eta “animatu”, “ausartu” eta antzekoak bururatzen zitzaizkidan, baina ez ziren guztiz egokiak. Etxean negatibo itxura duen marko bat dut eta berau ikustean bururatu zitzaidan leloa.

Lorena: Auzolandegietan parte hartzeko aukera izan duzu noizbait?

Duela pare bat urte zirko ekintzetan oinarrituriko Cacereseko auzolandegi batean izen ematekotan izan nintzen baina zoritxarrez plaza gabe gelditu nintzen, beste pertsona bat aurreratu zitzaidalako. Dena den, oso erreferentzia onak ditut auzolandegien inguruan, nire ahizpa Leire, Galdakao eta Italian izan da eta nik ere ahal dudanean joateko esperantzak ditut.

Clara: Lankidetzaren alorrean baduzu esperientziarik eta ezagutzen duzu EGL programa?

Bi esperientzia izan ditut lankidetza alorrean. Saharauien kanpamenduan izan nintzen egun gutxi batzuetan proiektu batean parte hartzen eta ondoren 2011ko irailean Venezuelara joatea erabaki nuen urtebetez. Hau izan da hartu dudan erabakirik onena, nolanahi ere.

Ezagutzen dut EGL programa, batez ere lagun batek parte hartu zuelako (2011 urtean Guatemalan izan zen) eta berak animatu ninduen kartel lehiaketan parte hartzera.

Lorena:  Nora joateko asmoa duzu irabazitako bidaiarekin?

Oraindik ez dut argi nora joango naizen. Gogo biziz nago nolahai ere, eta karrerako proiektua amaitu bezain laster ekingo diot bidaia prestatzeari.