Argazkia: Aroa Albareda Martínez

Auzolana antzinatik datorkigun lankidetza sistema bat da. Auzolanak, auzotar, herritar, zein bizikideen artean auzo eta herriaren mesedetan izango diren  zereginak egitean datza. Nekazal eremuetan sustraituriko sistema honek oraindik gure artean darrai eta egun herri txiki zein ertain askotan ikus ditzakegu auzolanaren fruituak.

Historikoki, auzoetako biztanleak batu eta herriko bideak zabaltzeko, elizak zein bestelako herriko eraikinak eraiki zein konpontzeko, auzokideak laguntzeko zein bestelako zereginetarako biltzen ziren auzolanean. Europa osoan zehar daude auzolanaren adibideak eta izen ugari ditu fenomeno honek; gazteleraz vereda, asturieraz andecha, eta euskaraz auzolan edo artaxuriketan ere deitu izan da.  Inolako diru ordainik jaso gabe aritzen ziren auzolanean biztanleak, ordaina, auzo eta herrientzako mesedea izanik. Lan honek partaidetza bultzatzen zuen eta  herriarenganako edo auzoarenganako sentipenak ere indartzen zituen.

Gaur egun, berriz bueltatu da auzolana gure artera, zenbait kasutan antzinako forma erabiliz eta beste zenbait kasutan garaiko forma berriak hartuz. Ekonomia eredu berri jasangarriak tarteko, jende askok bat egiten du auzolanaren filosofiarekin. Herri ezberdinetan berreskuratu da auzolana, Zarautzen adibidez Hatorr taldeak hainbat ekintza burutu ditu, Torreoiaren berreskuratzea, esaterako.  Otxandioko herri Ola egitasmoak bestalde, auzolanean oinarritutako mugimendu bat baino, tokiko garapenaren logikan kokatzen den herri egitasmo bat da, udalaren, gizarte mugimenduen eta herriko eragile ekonomikoen arteko elkarrekintza bilatzen duena, bizitza kalitatea helburu izango duen garapen eredu berri baten alde. Auzolan.info ataria bestalde, Euskal Herriko udalerrietan Auzolan Taldeak eta proiektuak abian jartzen eta dinamizatzen dituen Koordinazio eta Lankidetza Foro bat da.

Argazkia: Egoitz Maeso Gallego

Ohiko jarduerez haratago, egun,  auzolan mota ugarirekin topo egin dezakegu gure inguruan.  Crowdfounding edo Crowdsourcing delakoak auzolan mota bat direla esan genezake. Nahiz eta Internet duten bilgune, egitasmo bat aurrera ateratzeko biltzen da jende ugari, kasu batzuetan dirua baina beste askotan jakintzak emanez laguntzen dutelarik. Adibideak ugariak dira: Goteo.org, Injoinet, verkami,…bestalde, gizartean gertatzen den bidegabekerien aurrean ere badira atsekimendua eskatzen duten plataformak ere Change.org, esaterako.

Wikipedia.org beste auzolan baten eredu da, hartara, munduko entziklopedia kolaboartibo libre handiena musu-truk egiten dute milaka eta milaka biztanlek.

Eta zer esanik ez dute auzolandegiek, auzolanaren espiritua oinarri duten ekintza hauek. Urtero uda partean milaka gaztek aukera dute talde lana aisialdiarekin tartekatzeko.

Auzolan tradizionalaren ezaugarriak:

  • Familia, auzokide, auzo edo herriaren mesedetan egindako lana
  •  Normalean lan fisikoa eskatzen du, konponketa, eraberritze edo eraikitze lanekin lotua
  •  Taldean egindako lana
  • Auzoaren edo herriarenganako sentipenak indartzen ditu lanak; herrigintzaren mesedetan
  • Dirurik tartean izan gabe emandako laguntasuna, kasu gehienetan
  • Giroa sortzen laguntzen dute auzolanek. Herria sortzen
  • Bilgune fisikoak daude
  • Herri askotan derrigorrezkoa zen auzolanean parte hartzea

Gaur egungo zenbait auzolanen ezaugarriak:

  • Herri, auzo zein munduaren mesedetan egindako lana
  • Lan intelektuala zein fisikoa izan daiteke auzolanaren jomuga; Elikadura, energia, hezkuntza, kultura, osasuna, informazio eta komunikazio teknologiak, euskalgintza, herri jaiak
  • Taldean egindako lana
  •  Ez da beti beharrezkoa toki fisiko baten biltzea
  • Gogobetetze pertsonala sorrerazten du
  • Ordainen bat jaso daiteke; ospea, saritxorenbat…
  • Dirua egon daiteke tartean baina ez da derrigorrezkoa
  • Internet izan daiteke bilgune
  • Kutsu politikoa izan dezake