Euskal Herrian zehar euskalki ugari direla ez da inolako misterioa. Euskararen berezitasun linguistikoak, liburu, kantu eta urteetan egindako filmaketa ezberdinetan aurki ditzakegu. Egun euskara batuaren, ikastolen eta komunikabideen eraginez han eta hemen, gazteek euskara nahastua darabilte, tokiko euskalkia ,euskara batuaren eta erdararen maileguekin tartekatuz.  Sarean ere badira memoria historikoa eta euskara gaitzat hartuz egindako lan ezberdinak; Ni euskalduna! bideobloga adibidez.

Ni euskalduna! bideoblogean Euskal Herriko herri ezberdinetako pertsona edadetuak azaltzen dira: iraganaz, herriko kontuez, antzinako bizimoduaz, elizaren paperaz eta bestelako kontuez hizketan 10 minutu inguruko elkarrizketetan. Bakoitzak bere euskalkia darabil, kasu gehienetan euskalki kutsatu gabea , eta orain dela 50 urte mintzo ziren bezala ari dira. Benetan atsegina da aiton-amona hauen pasarteak entzuteko aukera izatea, euskara aberatsa ahotan historia ugari azaltzen dituztelarik.

Susana Martín da egitasmo honen sustatzaileetako bat eta berarekin hitz egin dugu Ni euskalduna! egitasmoa hobeto ezagutzeko asmoz.

Noiz hasi zenuten “Ni Euskalduna” proiektua eta zein helbururekin?

“Ni Euskalduna!” proiektua orain dela 18 hilabete sortu zen. Ordutik aurrera, Euskal Herriko herri ezberdinak bisitatu eta elkarrizketa ugari egin diegu hainbat herritarrei, elkarrizketa hauekin ikus-entzunezko euskarria sortuz.

Ikus-entzunezko euskarri hauetan (bideoak, alegia), 60 urte baino zaharragoak diren aiton-amonen elkarrizketa dibertigarri eta interesgarriak ikus ditzakegu. Euskararen garrantziaz eta erabileraz, jai nagusien garapenaz, herriko zurrumurruetaz, pertsonai famatuetaz, herriko ohiko lanaz, garaiko bizimoduaz, inguruko herriekiko erlazioaz, eskolako ohituraz, gerra garaiko kontuez eta abarretaz hitz egiten digute.

Proiektu honen helburuak hauek dira: gure herrien historia ezagutzera ematea, euskalki ezberdinak biltzea, 2.0 komunitateetan euskararen erabilera sustatzea, interneten eduki berri bat eraikitzea eta bertan, adin guztietako pertsonak bildu eta hurbiltzea.


Nolako harrera izaten ari da bideobloga? Elkarrizketak lortzea erraza egiten ari al da?

Guk uste genuena baino harrera hobeagoa izan du bideoblogak, eta eskertzekoa da sare-sozialetan ezagutzera laguntzen diguten pertsonen esfortzua; hauei esker “Ni Euskalduna!” proiektua gero eta ezagunagoa da.

Batzuetan erraza egiten zaigu elkarrizketak lortzea, besteetan aldiz, ez hain erraza. Orohar, udaletxeek laguntzen gaituzte; beste batzuetan berriz, erabiltzaileak sare-sozialen bitartez  gurekin jartzen dira harremanetan. Azken finean, proiektu honetan, herri guztietako udaletxeek edo pertsonek hartu dezakete parte, herrien eta bizilagunen memoria historikoa sakontzen lagunduz. Beraz, norbaitek bere herria gure proiektuaren parte izatea nahiko balu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez du eta gu bertara joango ginateke, herria grabatzera eta aiton-amonekin elkarrizketa bat izatera.

Ba al dago zure ustez elkarrizketatuen artean puntu amankomunik iraganareko bizipenen inguruan?

Herri bakoitzak bere historioa eta istorio bereziak ditu. Hala ere, inguruan dauden herriek euren artean amankomunean dituzten gauzak kontatzen dizkigute, baina herri bakoitza berezia izatearen arrazoiak aurkezten dizkigute eta denek dute beste herriek ez duten zerbait berezia.

Orain arte elkarrizketatuak izan diren pertsonen artean gehien jorratzen den gaia Gerra Zibila eta frankismoa da, euren azalean bizi izan duten egoerak izan baitira. Kontatzen dizkiguten gauzak gehienetan gogorrak dira, baina bakoitzak duen ikuspuntua ezberdina denez, erantzun ezberdinak azaltzen dizkigute.

Orain arte Euskal Herriko hainbat aiton-amonei egin dizkiezue galderak, noiz arte jarraitzeko asmoa duzue ekimenarekin? 

Orain arte 60 herrietan izan gara: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparralden. Gure asmoa Euskal Herriko herri guztiak ezagutzea da. Dena den, proposamen ugari ditugu esku artean “Ni Euskalduna!” proiektua aberasteko eta gutxi barru zerbait berria eskaintzeko gai izango garela espero dugu.
Bideobloga Metroo sare sozialaren baita dago, zein da sare honen berezitasuna?

Metroo” sare sozialak eman zion hasiera “Ni Euskalduna!” proiektuari, plataforma honetan informazioa gehitzeko asmoarekin. “Metroo” sare soziala herrien sare soziala da eta bertan, herri bakoitzari buruzko informazio gehiago sartzeko, elkarrizketak egitea bururatu zitzaigun. Laburbilduz, hortik sortu zen “Ni Euskalduna!” eta proiektuaren euskarri da “Metroo”.

Gure iritziz, proiektu hau udaletxeentzat, biztanleentzat, gazteentzat, helduentzat zein umeentzat interesgarria da, herri bakoitzeko iragana eta orainaren arteko aldaketak agerian uzten dituelako, besteak beste.

Susana Martín azalpenak ematen Mikel Agirregabiriaren blogean