Cristina Enea Donostiako fundazioak JantziAgain ekimena jarri du abian. 2013ko hilabete bakoitzeko azken igandeetan egingo duten proiektu honek arropa eta osagarriak partekatu nahi dituztenen topalekuan bilakatu nahi du. Bilgune honetan, pertsonalizazioari, joskintzari eta jantzigintzari buruzko ideiak eta ezagutzak zabaldu nahi dituzte. Horretarako, Tytii Thusberger diseinatzaile finlandiarraren eta Alfa eibartar etxearen babesa dute.

Modu berritzaile baten bidez arropa eta osagarriak partekatu eta modari, joskintzari eta gure arropen zaintzari buruzko jakinduria elkartrukatzea du helburu ekimen honek. Gainera, kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du, herritarren baloreetan eta jarreran aldaketak sustatuz eta erabilitako arropari aukera berriak emanez. Hondakin bihurtu ordez, jantziei erabilera berriak bilatzea da asmoa.

Bi zutabe nagusi ditu proiektuak: alde batetik, bigarren eskuko arropa elkartrukatzeko azoka, eta, bestetik, josketari eta jantzigintzari buruzko ezaguerak partekatzeko gune iraunkorra. Erabilitako jantziak konpondu eta pertsonalizatuko dituzte bertan.

Zure arropa Jantziagainen partekatzea oso erraza da: eraman ezazu zure arropa elkartrukerako puntura. Bertan ‘jantzipuntuak’ jasoko dituzu trukean, eta Jantziagaineko edozein saiotan beste arropa batzuk eskuratu ahal izango dituzu.

Arroparen puntuazioa: Jantzipuntu 1: arropa sinplea eta kamisetak; 2 jantzipuntu: galtzak, alkandorak, gonak, jertseak, prakak eta artilezko arropak; eta 3 jantzipuntu: berokiak, jakak, konjuntoak, trajeak eta antzekoak.

 

Arropak garbi egon behar du, zulorik eta orbanik gabe. 5 arropa-pieza eraman ahal izango ditu pertsona bakoitzak, saio bakoitzeko. Ez da oinetakorik, etxeko edo barruko arroparik onartuko, eta antolakuntzak izango du arropa onartzeko edo ez onartzeko eskumena.

Bestalde, JantziAgainek josteko beharrezko materiala jarriko du, eta aldez aurretik izena eman behar da.

Cristina Enea fundazioa Ingurumen Baliabideen Zentroa da. Donostian dago, eta norabide aldaketa sustatu nahi du, heziketaren eta sentsibilizazioaren eremutik, iraunkortasun orokorraren alde. Antolatzen dituzten heziketa programek, baliabide didaktikoek eta sentsibilizazio ekintzek hiru ardatz dituzte: publiko orokorra, profesionalak eta, etorkizuneko erronka gisa, ikasleak.

Egungo kontsumo ereduari aurre egiteko, ingurumena zaintzeko eta kontsumo arduratsua bideratzeko aukera eta irtenbide interesgarriak dira hauek.