Bizkaiko gazte talde batek abian jarri duen proiektua da ‘160 metros: Una historia del rock en Bizkaia’: 90eko hamarkadan Ibaizabalen bi aldeetan izandako bilakaera erakusten duen rock dokumentala eta webgunea. Álvaro Fierro kazetaria eta Joseba Gorordo zinemagilea dira horren sortzaileak, eta StereoZona proiektuko kideak batu zitzaizkien bidean. Lan osoa bideratzeko, crowdfundinga edo talde-finantziazioa erabili zuten. Diru-laguntzen truke, hainbat eskaintza egin zituzten. Proiektua abiatzeko, gutxienez 4.905 euro lortu behar zituztela aurreikusi zuten hasieran, baina, kopuru hori gaindituta, 7.655 euro batzeko ahaleginean ari dira orain. Lerro hauek idaztzi orduko, 6.635 euro zituzten.

Proiektuak egiteko lankidetzak topatzeko filosofiak (crowdfunding) finantziazio kolektiboa bultzatzen du, eta, kasu honetan, lagun eta ekimen kultural ugariren babesa izan dute proiektua bideratzeko.

 ‘160 metros: una historia del rock en Bizkaia’ denboran zehar egindako bidaia da, eta ikus-entzunezko 5 dokumentalek osatuko dute. Tituluak Ibaizabaleko bi aldeen arteko distantziari egiten dio erreferentzia: Getxo eta Portugalete artean dagoen distantziari, hain zuzen ere. 90eko hamarkada hasieran jasandako aldaketa soziokulturalak erakutsiko ditu, eta ezker aldeko punk mugimendutik eskuin aldeko Getxo Sound mugimendurako bilakaera erakutsiko du.

Dokumentalaren lehen kapitulua ‘El punk ha muerto’ izango da, eta 80ko hamarkada amaieratik 1992. urtera bizitako gertaerak erakutsiko ditu. Urte horretan, Eskorbuto taldeko Josu eta Juanma hil egin ziren eta, aldi berean, Getxon mugimendu musikal berri baten lehen pausoak eman zituzten. Mugimendu horri esker, garai hartako gizartea, kultura eta politika aztertuko dituzte. Hori egiteko, aurrez argitaratu gabeko artxiboko irudiak eta horretarako grabatuko dituzten irudiak erabiliko dituzte, eta garai hartan protagonista izandakoen jarraipena egingo dute.

Crowdfunding kanpainarekin, proiektua ezagutzera eman eta dokumentaleko lehen kapitulua finantzatzeko dirua bilatu nahi dute eta internet bezalako plataformak erabiliko dituzte bere lana zabaltzeko.