2012ko udan ere Euskadiko gazte askok auzolandegien programan parte hartu dute. Gazteaukerak urtero antolatzen du argazki, bideo eta idazlan lehiaketa, eta hauek dira 2012ko irabazleak: Maitane Azkue Zaldua (argazki onena), Leyre Oliver Ruiz (idazlan onena) eta Maialen Alday Munilla (bideo onena). Bakoitzak Sony markako eBook bat jaso du, eta beraiekin hitz egin dugu, horien esperientzia gertutik ezagutzeko.

(Lehiaketako irabazleak: Maialen Alday Munilla, Maitane Azkue Zaldua eta Leyre Oliver Ruiz)

Maitane Azkue Zaldua (Orio, Gipuzkoa) Ingeniaritza Informatikoaren bigarren urtea ikasten ari da. Cambera de los Morosen (Kantabria) egin du bere egonaldia, eta argazki onenaren saria eskuratu du 2012ko lehiaketan. Bigarren aldiz hartu du parte programan; izan ere, Galizian izan zen 2011n.

Zerk eraman zintuen auzolandegien programan parte hartzera? Jende eta toki berriak ezagutzea gustatzen zait, eta auzolandegiena aukera ona iruditzen zait horretarako. Gainera, lan egiten duzu, eta beharra duenari laguntzen diozu.

Han ikasitakoa egunerokoan erabilgarri egin zaizu? Teoria ez da ikasten horrelako tokietan, baina eguneroko bizitzako gauza asko ikasten dira; besteei laguntzeak hobeto sentiarazten zaitu.

Gomendatuko al zenioke jendeari auzolandegien programan parte hartzea? Zergatik? Bai guztiz gomendagarria iruditzen zait. Udarako plan ezberdina da, eta, ondo pasatzeaz gain, toki, jende eta ohitura berriak ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Maialen Alday Munilla bilbotarra da, eta Medikuntzako 3. mailako ikasketak egiten dihardu. Monlerasen (Salamanca) izan zen 2012ko udan, eta aurretik, 2011n, Valentzian egon zen. Bideo onenaren saria irabazi du 2012ko Auzolandegien lehiaketan.

Zer moduzko esperientzia izan duzu 2012ko auzolandegien programan?

Oso ona. Herriarentzat eraikitako “jokoen gunea” zeritzon leku bat konpontzen eta zabaltzen aritu ginen. Gainera, ekintza asko herriko umeekin batera egiten genituen, eta eskertzekoa zen haiek irribarrez ikustea. Bestalde, boluntario asko atzerritarrak ziren, auzolandegi internazionala zelako, eta horrek zirrara handitzen zuen.

Han ikasitakoa egunerokoan erabilgarri egin zaizue?

Lanaren inguruan ikasitakoak ez bereziki, zimenduak eta adreiluak jartzen aritu nintzelako. Hala ere, beste kultura batzuk ezagutu nituen, eta, ingelesa hobetzeaz gain, atzerriko jendearekin harreman hobeak izaten ikasi genuen. Lotsa galtzeko eta segurtasuna irabazteko lagungarria izan daiteke.

Honelako lehiaketak antolatzea interesgarria dela uste duzu?

Bai, lehiaketei esker auzolandegiak ezagutarazi daitezke, eta, gainera, lehiaketan parte hartzen dutenentzat, esperientzia gogoratzeko era oso polita da.

Leyre Oliver Ruiz (Barrika) Medikuntza ikasketak egiten ari da, eta Roiseko (Galizia) auzolandegian hartu du parte. 2011n Araian egon zen, eta, 2012ko lehiaketan, idazlan onenaren saria irabazi du, ‘Santiago. 15:10 pm’ lanarekin.

Zer moduzko esperientzia izan duzu 2012ko auzolandegien programan? Primerakoa, edonori gomendatuko nioke.

Zerk eraman zintuen auzolandegien programa parte hartzera? Udan kanpora joateko modu erraz eta ekonomikoa da, jendea ezagutzeko, abenturak bizitzeko, etab.

Gomendatuko al zenioke jendeari auzolandegien programan parte hartzea? Bai, esperientzia ona iruditzen zait zure burua zabaltzeko. Gainera, zuk ezagutzen duzunaz gain, beste asko dagoela konturatzen zara. Guztioi komeni zaigu gauza berriak ikastea. Gure bizitza beste ikuspuntu batetik baloratzen ere laguntzen du.

Honelako lehiaketak antolatzea interesgarria dela uste duzu? Bai, jakina!