Udazkenarekin batera, itzuli egin dira ikastolen aldeko festak: Andoainen (Kilometroak) eta Zizur Txikian (Nafarroa Oinez) egingo dituzte, urriaren 7an eta urriaren 21ean. “On egin” eta “Kolore&hitz” dira bi festok alaitzeko aukeratu dituzten goiburuak.

Urriaren 7an Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen jaia, egingo dute, Andoainen. Urriko lehen igandean egiten den urteroko festa hau “On egin” izenburuarekin antolatu dute. Aita Larramendi ikastola arduratuko da antolaketaz, eta lortutako dirua hainbat helburu betetzeko bideratuko dute, besteak beste ikasgela berriak eraikitzeko. Andoaingo ibilbideak 6.360 metro eta bost gune izango ditu: Ikastola, Sorabilla, Exeberrieta, Goikoplaza eta Martin Ugalde kultur parkea. Ekitaldi asko antolatu dituzte egunean zehar bisitarien gozamenerako, eta tartean Lauroba, Anje Duhalde, Willis Drummond, R, Zuloak eta Ze esatek! talde eta musikariek kontzertuak eskainiko dituzte. Dantza ikuskizunak, haurrentzako puzgarriak, Irrien Lagunak, Euskal Label pintxoak eta beste hainbat ekimen izango dira egun osoko programazioa osatzeko. Antolakuntzak autobusez edo trenez joateko gomendioa egin du, eta ibilbide mapa bat osatu du horretarako. Zalantzarik gabe, egun handia biziko dute Andoainen, eta bisitariak ongietorriak izango dira. Animatu eta parte hartu!

 

Nafarroa Oinez Zizur Txikian egingo dute, urriaren 21ean. Aurten, San Fermin ikastola arduratuko da Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero egiten duen festa antolatzeaz. Bigarren Hezkuntzan laugarren lerroa ezartzen ari dira, eta handitze-obrei aurre egiteko behar dituzten errekurtsoak lortzeko egingo dute jaia, besteak beste. Gainera, Euskalerria Irratia Iruñerrian euskara hedatzeko egiten ari den lana ere aldarrikatu nahi izan dute.

“Kolore&hitz” leloarekin egingo duten festan, Leihotikan, Obrint Pas, U.K. Bill, Zuloak, Oskorri, Triki Dantz, Las Culebras eta Xabi San Sebastian musikari eta taldeak arituko dira. Janari ekologikoak eskainiko dituen Ekotxosna ere jarriko dute, eta haurrentzako jolas, tailer eta puzgarriak ere egongo dira. Globo aerostatikoan ibiltzeko aukera ere egongo da, eta giza futbolina ere antolatuko dute. Zizur Txikira iristeko informazio lagungarria ere osatu dute. Badakizue: ez galdu urriaren 21ean Nafarroako ikastolen festaz gozatzeko aukera paregabea!


Guk, euskararen aldeko jaiei buruzko informazioa bildu dugu.

Gogoratu, urrian “On egin” eta “Kolore&hitz”!