Hainbat kirol modalitate aztertu ostean, igeriketari heldu zaio txanda eta arlo honetako hiru erreferenterekin elkartu gara: Richard Oribe, Ander Romarate eta Javier Aymerich.

Ander Romarate bikain ari da egiten Joko Paralinpiko hauetan. Nahiz eta lehiaketa batzuetan atzean gelditu,errekor berriak lortu ditu eta horiekin “poz pozik” agertu da. Bere onena ematen ari da egun hauetan Londresen eta hori nabari egiten zaio harekin hitz egiterakoan.

Richard Oribe ere gustura dago egiten ari denarekin. Londresera heltzea ez da lan makala izan, eta iritsi zaio fruituak jasotzeko garaia. Marka onak egiten ari da, eta bere horretan jarraitu nahi duela adierazi digu. Horren emaitza izan da 100 metroko proba librean bigarren sailkatu izana.

Igeriketan aritzeak esfortzu bikoitza eskatzen du. Alde batetik, uretan bertan entrenatu behar da. Bestetik, lurrean ere egin behar izaten dituzte ariketak. Igerilari paralinpiko bakoitzak bere beharrak ditu; hori dela eta, entrenatzaileak banakako entrenamendua eta programa diseinatu behar du. Javier Aymerich-ek adierazten duenez, minusbaliotasunaren graduaren araberako ariketak eta prestaketak egiten dira. Aspaldi ari da txapeldun hauekin lanean, baina hark dioen moduan, “haiek niri gehiago ematen didate, nik ematen diedana baino”. Izan ere, entrenatzaileak teknika eta diziplina transmititzen ditu. Haiek, ostera, “gizatasuna”.

 

http://www.flickr.com/photos/gazteaukera

 

GOT-eko blogariak (Ane Bores, Egoitz Maeso, Eneko Palomero eta Ianire Renobales) Joko Paralinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.

EUSKAL KIROLARIEN EMAITZAK:

Richard Oribe (igeriketa) 100 m libre 2. postua 1.24.28 (zilarra)
Aitor Oroza (txirrindularitza) erlojupekoa 15. postua 17:26.88