Abentura paralinpikoa amaierara heldu da. Atzo, irailak 6, Britainia Handia atzean utzi eta etxerako, Euskadirako, bidea hartu genuen. Proiektu hau Gazteaukera eta Basque Team-en eskutik jaio zen; bi horiei esker, bederatzi egun eman ditugu Londresen informatzaile lana betetzen.

Baina ez genuen bukatu nahi amaiera duin bat sortu gabe. Gure bidean parte hartu duten pertsona guztiei geure esker onak eman nahi dizkiegu agertu diguten konfiantza eta laguntzagatik.

 

 

Eskerrik asko 72 parte hartzaileen artean gu aukeratzeagatik; paralinpismoa ezagutu ahal izateko atea zabaltzeagatik eta protagonista horien ahotsak hedatzeko abagunea emateagatik. Gizatasuna zer den ikasi dugu eta, norberak horretan irmo sinesten baldin badu, oztopoak ez direla existitzen erakutsi digute. Eskerrik asko Richard Oriberi, Ander Romarateri, Asier García Pereirori, Victor Hugo Garridori eta Aitor Orozari, zuen garaipenak geureak ere badira; alderdi garrantzitsuena zein den adierazi diguzue.

Eskerrik asko entrenatzaileei eta kirolarien familiei zuen agendetan lekua egiteagatik eta gure galderei eta zalantzei erantzuteagatik. Aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hau zabaltzen lagundu diguten komunikabide guztiei.

 

 

Mila esker, Aiora, Arantza eta Ignacio. Egunez egun lagundu gaituzue abentura ikaragarri honetan. Joko Paralinpikoetara joan ziren gure beste lau kideei ere eskerrak eman nahi dizkiegu emandako aholku lagungarriengatik.

 

 

Hala ere, geure esker beroenak zuei eman nahi dizkizuegu; blog hau, Gazteaukera eta Basque Team-en sare sozialak jarraitu duzuen lagun guztioi. Proiektu hau ez litzateke posible izango zuen ahaleginik gabe. Espero dugu etorkizuneko proiektuek harrera berdina izatea. Orain, kirolari hauek ahaztu ez daitezen lan egin behar dugu eta dagokien errekonozimendua eskaini.

Emandako guztia jaso ondoren, ezin genuen esku hutsekin alde egin. Hala, hona hemen geure oparia: bizitako esperientzien egunerokoa; geure lan txukun eta zoroekin. Bideo hau gustatuko zaizuelakoan gaude.

Guk beste disfrutatuko zenutela espero dugu!

Hurrengora arte,

GOT