Zinemaldiaren historian lehen aldiz, bost Donostia sari banatuko dituzte, 60. edizioa behar bezala ospatzeko. Ewan McGregor, Tommy Lee Jones, John Travolta eta Dustin Hoffman aktoreek eta Oliver Stone zuzendariak jasoko dituzte.

18 film batuko ditu 2012ko Sail Ofizialak. Horietako lau lehiaketatik kanpo aurkeztuko dira, eta, dagoeneko iragarri dutenez, alfonbra gorritik Ben Affleck, Benicio del Toro, Richard Gere, Susan Sarandon eta Penélope Cruz aktoreak igaroko dira, besteak beste.

Beste askoren artean, Amour Canneseko Urrezko Palmaren irabazlea (FIPRESCI sari nagusia) eta Cesare deve morire, Berlinen Urrezko Hartza jaso zuen filma, ikusi ahal izango dira programazio mardularen baitan.

Zinemira sailean, zortzi film luze aurkeztuko dituzte, eta ‘Culinary Zinema: zinema eta gastronomia’ sailak zinema jatetxeetara eramango du beste behin.

Aurten izango diren berritasunen artean, BIG FRIDAY proiektua dago. Akziozko kirolei eta abenturei buruzko filmak eskainiko dituzte bertan. Ikusle gazte eta publiko zabalari zuzendutako emanaldi hauetan, Storm Surfers 3D (beheko argazkian) eta The Art of Flight 3D filmak estreinatuko dira. Surf munduko protagonista nagusiak izango dira bi filmen emanaldietan. Gainera, etorkizunean kirolei buruzko eta akziozko film nabarmen eta zirraragarrienak aurkezteko sail bat sortuko duela iragarri du Zinemaldiak.

Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa irailaren 26tik 28ra egingo dute. Hamaikagarren aldia da ekitaldi hau antolatzen dutela, eta 19 herrialdetako 56 eskolak parte hartuko dute aurten. Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunearekin batera antolatutako sail honek nazioarteko eskola eta ikasleen arteko lankidetza eta ekoizpen-prozesuak sustatzea du helburu nagusi.

Agencia Freak etxeak, bestalde, Topaketan parte hartuko du, lehenengo aldiz, eta film labur irabazlea banatzeko saria eskainiko du.

Zinemara joateko sarreren salmenta abian da dagoeneko. Gogoratu Gazte Txartelaren erabiltzaileek hainbat abantaila izango dituzuela, eta deskontuez goza dezakezuela.

Argazkiak: Argo (Ben Affleck), Arbitrage (Nicholas Jarecki), Storm Surfers 3D (Christopher Nelius eta Justin McMillan), Wedding Duet (Goran Mihailov, Universitatea Nationala de Arta Teatrala si Cinematografica ‘I.L. Caragiale’, Errumania) eta Sail ofizialeko kartela (iturria: Zinemaldia).