Zaila izaten ari daproba desberdinetarako sarrerak lortzea. Kontraesana badirudi ere, guztiak agortuta daude; baina estadio eta gune desberdinetara heltzean, aulki huts ugari ikusten ditugu. Zer gertatzen ari da sarrera horiekin?

Saskibaloia ikusteko sarrerak esku artean ditugu eta horrela, atzo arratsaldean North Greenwich-en izan ginen aulki-saskibaloiko bi partidu ikusteko. Lehendabizi, gizonezkoak aritu ziren eta Australia gailendu zen AEBen aurka (49-67). Estadioa nahiko beteta zegoen eta jarraitzaileok giro ezin hobeaz gozatzeko aukera izan genuen. Partidua oso entretenigarria izan zen. Saskiratze ugari egon ziren eta jokaldiak benetan ikusgarriak izan ziren. Zaila dirudien arren, profesional hauek ondo baino hobeto aritzen dira aulkian.

Gainera, ikusleek parte hartzeko aukera izan genuen. Izan ere, atsedenerako minutuetan, batzuek pistara beheratzeko abagunea izan zuten. Batetik, jokoak eta dantzak antolatu ziren; bestetik, pantaila erraldoi batek ikuslegoaren arreta erakarri zuen fokatzen zituen ikusleei musuak eskatuz. Giro egon zen.

Partidua amaituta, emakumeei heldu zitzaien txanda. Australia berriz ere gailendu zen eta Holandari irabazi zion 49-58. Aipatzekoa da ikusle askok alde egin zutela gizonezkoen partidua bukatu bezain laster. Baina gu han egon ginen. Holandako jarraitzaileen artean sartu eta partidu osoa animatzen ibili ginen!

Betiko kirolez eta kirolariez gain, merezi du honelako partiduak ikustea, badute zer ikusi eta zer ikasi!!

 

http://www.flickr.com/photos/gazteaukera

 

BASQUE TEAM KIROLARIEN EMAITZAK, irailak 2

Baloncesto: (IAsier Garcia) Espainia-Turkia 67-64.

 

GOT-eko blogariak (Ane Bores, Egoitz Maeso, Eneko Palomero eta Ianire Renobales) Joko Paralinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.