Hementxe bukatzen da gure hamar eguneko abentura. Etxera goaz oroitzapen ederrez beteta. Hemen bukatzen dira gure Joko Olinpikoak, baina ez da Gazte Olimpic Team-en agurra. Abuztuaren 29an gure beste lau lagunek hartuko dute lekukoa. Anek, Egotzek, Enekok eta Ianirek Joko Paralinpikoen berri emango dizue blog honetan bertan.

Baina ez dugu Londresetik joan nahi gutariko bakoitzaren balorazio orokor bat eman gabe. Hona hemen:

Eider Aranberri. Zuek zarete epailerik onenak. Gure egunorokotasuna jarraitu duzuen irakurle horiek. Urrea lortzera nentorrela esan nizuen, eta niretzat esperientzia hau urrezko domina bat lortzearen parekoa izan da. Sinetsi, benetan ari naiz eta. Pozez zoratzen noa Londrestik. Zaila egiten zait une honetan nire sentimenduak azaltzea. Oso zaila. Esperientzia izugarria izan da. Uztailaren 31ra atzera begirada bat egin, eta Loiuko aireportuko irudiak etortzen zaizkit burura. Lau gazte, abentura baten hasieran, nerbioak nola gorde ezin. Egunotan bizitako guztia asko izan da. Idatzi ditugun postetatik haratago, barre algara ederrak egin ditugu, mundu guztiko herrialde ezberdinetako jendea ikusi dugu, Londres alderik alde ikusi dugu, euskal kirolariekin izan gara, Wimbledonen, estadio olinpikoan… soberan daude hitzak.

Une bat aukeratu behar, eta zein, zein zein… Berriz ere atzera begiratu,eta hortxe dago abuztuaren 2a. Maialen Chourrauten brontzezko domina, Leire Olaberriarekin pasatako goiza… Eta eskerrak ematen hasi, eta nori, nori, nori… Gazteaukera saila, Basque Team, Aiora, Iker, Alain, baina batez ere, Alex, Maite eta Karel. Lan talde bikaina osatu dugu denok. Gaur iluntzean errealitatera itzuliko bagina bezala sentitze naiz. Amets batetik irten, eta errealitatera itzuli. Amets bat izan baita hau guztia. Inoiz izan dudan ametsik ederrena.

Maite Goiriena. Imajinatu nuen moduan, egunak hegan joan dira eta gure egonaldia Londresen bukaerara iritsi da konturatu orduko. Momentu asko bizi izan ditugu, sentsazio berriak, sentimendu politak denak. Maialen Chourrautek, domina lortu ostean, bere hurbilenekoekin izandako harrera beroa, Leire Olaberria atseginarekin eta bere bizikletekin egin genuen ibilbidea eta beste hainbat kirolari euskaldunekin trukatutako aitormen txikiak. Haienganako lotura berezi bat jaio da guregan. Euren arrakasta zein porrotak barru-barrutik bizi izan ditugu. Eta ezin ahaztu, Estadio Olinpikoan bizi izan genuena. Historiako gizonik azkarrena ikusteko aukera izan genuen, Usain Bolt. Wimbledonen aldiz, Federerren teknikarekin disfrutatu genuen, baina batez ere, britainiarren aberritasun sentimenduan murgildu ginen, Murrayren garaipenarekin batera. Balorazio pertsonala egiten ari naiz, bai, baina pluralean ari naiz. Izan ere, talde bat izan gara bai lanerako orduan, baita ondo pasatzeko orduan ere. Ezin hobeto bateratu eta osatu gara elkarren artean. Zientziatakoa izan arren, kazetaritzaren leihotxoa ireki dut… inoiz ezin baita jakin. Esperientzia Olinpikoa izan da benetan, eta ez diot Joko Olinpikoengatik bakarrik.


Karel López. Abenturaz beteriko hamar egun izugarri jardun ditut: judoa, atletismoa, tenisa, triatloia, txirrindularitza… Ederki pasa det! Txiki-txikitatik nire ametsetariko bat Joko Olinpikoetan egotea zen, eta 18 urterekin bete izana gutxi batzuek esan dezakete. Honetaz gain, asko ikasi dut, eta etorkizun batean nire ogibidea zein izatea nahi dudan badakit dagoeneko. Gainera, asko poztu nintzen Roger Federer ikusteaz, nahiz eta, partida galdu. Nire ustez, kirolari perfektua da! Eta ikuspuntu atletiko batez ikusita, Estadio Olinpikoan egotea Bolt eta beste izarrak ikusiz, benetan ikaragarria izan da.

Dena ondo joan da, batez ere, azkeneko eguna, non dei batek bizitza aldatu dit! Etorri baino lehen Joko Olinpikoetan egotea hoberena zela uste nuen, baina “Villa Olinpikoan” sartzea… Errealitate egin da pase berezi bati esker! Eskertu nahi diet dena aukera hau eman diguten guztiei. Eta, kanpotik ikusi ditut Jokoak, zergatik ez atleta moduan bizi orain? Zeinek daki…

Alexander Padilla. 10 egun pasa dira onezkero. 10 egun berezi… espezial… 10 egun olinpiko! 25 urte hauetan hainbat esperientzia ahazten bizi izan ditudan arren, egun hauetan Londresen bizi izandako esperientzia zuzenean TOP 10ean sartu da. Ezin izango ditut inoiz ahaztu Londresko Joko Olinpikoek hainbat momentutan eman didaten guztia: kultur aniztasuna metroan barrena, musika kale askotan, bolondres atseginekin hitzegiten jartzeko gogoa, kirolariak pertsona ezezagunen moduan paseoan topatzea… eta nola ez, euskal kirolariekin hainbat momentu ahazten bizitzeko zortea izatea. Egun berean bizitu genituen 2 esperientziekin geratzen naiz: Goizean goiz Leire Olaberriari aireportuan ongietorria eman eta bere gauza guztiekin Villa Olinpikoraino laguntzea batetik, eta Maialen Chorraut piraguista gipuzkoarraren brontzezko domina esku artean izateko aukera izan genuenean. Emozioz beteriko momentu politak dira hauek guztiak. Hala ere bada ahaztuko ez dudan beste gauzatxo bat: nire taldekide izan direnekin pasa ditugun hainbat momentu. Zaila izango da gauetan lanean geundela bizitzen genituen momentuak ahaztea… zenbat barre eta algara, zenbat txutxumutxu, zenbat istorio… Momentu hauek guztiak maletan barruan sartzeko garaia heldu da. Arropa hotelean utzi dut, maleta esperientziaz beteta baitaramat.

Lau urte barru Brasilen ikusiko al dugu elkar?

Atzoko kirol emaitzak, abuztuak 8.

-Eskubaloia. Gizonezkoak. Final-laurdenak. Espainia 22 – Frantzia 23. Espainia kanporatuta.

Basque Team-eko kirolarien egutegia, abuztuak 9.

-Borroka. Maider Unda. 72 kilokoa. Sailkapen proba. 13:00 – 20:15.

-Eskubaloia. Emakumezkoak. Finalerdiak. Espainia – Montenegro. 20:30

GOT-eko blogariak (Alexander Padilla, Eider Aranberri, Karel López, Maite Goiriena) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.

Argazki gehiago ikusteko, hemen: