KIROL APUSTUAK. Erresuma Batua historikoki beti izan da apustu-etxeen erdigunea: galgoak, zaldiak… eta nola ez, futbola.  Baina, zer gertatzen da Joko Olinpikoak ospatzen ari diren bitartean? Zaldiak zein galgoak lekua utziko diete beste animaliei: supergizakiak! Horren isla Londresen aurki daitekeen apustu-etxeen kopurua.

Joko Olinpikoen proba nagusia 100 metroko lasterketa izan da tradizioz, eta hau izango da diru gehien mugituko duen ekitaldia, tenisa eta futbola parean daudelarik. Apustu-etxe guztiek faborito ematen dute Usain Bolt jamaikarra. Euro bakoitzaren truke, euro eta berrogei zentimo ordaintzen dute, eta Yohan Blake-en, bere aurkari nagusiaren, alde egiteak, bi euro baino gehiagoko irabazia eman dezake. Dena den, duela hilabete, Yohan Blake-ek Bolt sekulako aldearekin menperatu zuen. Eta lau blogariok, zorionez, biak ikusteko aukera eta zortea izango dugu!

SELEKZIOEN JANTZIAK. Itxura zeinen garrantzitsua den… Gure nortasunaren eredu da dugun janzteko modua. Gure aurkezpen gutunaren moduko zerbait da. Baita Joko Olinpikoetan ere. Horregatik agian, azken hilabeteetan zalaparta izugarria sortu du Espainiako talde olinpikoaren uniformeak.

Aztoramendu guzti honen eragilea Bosco arropa etxea izan da. Fabrikatzaile errusiarrak ordaindu egin du Espainiari uniformea egiteko. Bizi ditugun garai zailak kontuan hartuta, bada gaiari garrantzia kendu dionik. Gobernuak arropengatik ordaindu behar ez izatea lehenetsi dute. Baina gehienek zalantzan jarri dute kirol materialaren diseinua.

Beste herrialde batzuek garrantzi handiagoa eman diote atal horri. Estatu Batuetako uniformea, esaterako, Ralph Lauren diseinatzaile famatuak egin du. Emaitza ezin dotoreagoa da. Italiarren diseinatzaileak ere, aski ezagunak dira. Armani eta Prada etxeak arduratu dira etxeko kirolarien aurkezpen gutunik onena egiteaz. Etxeko taldean, berriz, Stella Mccartney-ri utzi zioten bere herrialdeko kirolarien arropa diseinatzeko ohorea. Azken emaitza lortzeko bi urte luze behar izan dituela aitortu zuen.

LONDRESKO HOTEL EZBERDINETAKO KONTUAK.

Joko Olinpiko hauetako polemika handienetariko bat sarreren salmenta eta kirol ekitaldietako asistentzia izan da. Londresko hotel famatu bateko langile batek aitortu digunez, babesle ofizial nagusiek sarrera ugari zituzten erreserbatuta, bai bere langile baita hainbat lehiaketa eta zozketetan garaile suertatu ziren bezeroen artean banatzeko. Arazoa sarrera horien jabeen interes eza izan da, hainbat ekitalditarako zituzten eserlekuak hutsik geratu baitira. Langileak azaldu digunez, “jada hotela utzita zeukaten bezeroen gutunak zabaldu ditugu zakarretara bota aurretik, eta irekiera ekitaldirako pare bat sarrera ere topatu ditugu erabali gabe”.

Beste alde batetik, eta hotela guztiz beteta dagoela aitortu digun arren, lan oso gutxi dutela azaldu digu, hoteleko bezeroek egun osoa Londreseko hiria bisitatzen pasatzen baitute, hainbeste desio dituzten propinak jaso gabe.

Atzoko kirol emaitzak, abuztuak 3.

-Bela. Xabier Fernandez eta Iker Martinez. 49er maila. Bederatzigarren lasterketan 14. postua, hamargarren lasterketan 14. postua, eta hamaikagarren lasterketan 6. postua. Sailkapen nagusian seigarren postuan.

-Eskubaloia. Emakumezkoak. Espainia  25 – Suedia 24

Basque Team-eko kirolarien emaitzak, abuztuak 4.

-Triatloia. Ainhoa Murua eta Zuriñe Rodriguez. 9:00etatik 11:40era.

-Pistako txirrindularitza. Hodei Mazkiaran. Esprina. 17:15etatik 19:15era.

-Eskubaloia. Gizonezkoak. Espainia – Hungaria. 22:15ean.

GOT-eko blogariak (Alex Padilla, Eider Aranberri, Karel López, Maite Goiriena) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.

Argazki gehiago ikusteko, hemen:

http://www.flickr.com/photos/gazteaukera/sets/72157629140972159/