Londresko euskal paralinpikoak ezagutzen

Zenbait egunen buruan, Stratford-eko Estadio Olinpikoak ateak berriro irekiko ditu, munduko kirolari paralinpiko hoberenei harrera emateko. Hanka edo beso bat galdu, edo gaitasun fisiko, intelektual eta sentsorial garrantzitsuenak neurri handiago edo txikiagoan gaizkiagotuak dituzten pertsonak dira, hain zuzen ere. Gaixotasun hereditario edo zoritxarreko istripu bat tartean egonda ere, kirola lehenengo eguna balitz bezala maitatzen jarraitzen duten ausartak. Eta euren esfortzu eta hobetze ahaleginaren bitartez, mugak norberak jartzen dituen lekuan daudela erakusten dutenak.

Abuztuaren 29an Gazte Olimpic Team-eko blogariak Londresera bidaia egingo dugu gure talde paralinpikoaren gorabeheren parte-hartzaile izan zaitezten. Gazteaukera eta Basque Team Fundazioari esker, txapelketa zuzenean biziko dugu, baita emozioak protagonista, senitarteko, entrenatzaileekin… partekatu ere. Eta, egunez egun, euren harri-koskorra ekartzen duten pertsona ororekin, irabazle hauei merezi duten lekua aitortzeko, gainerako kirolarien maila berberean.

Ez dakigu Joko Paralinpikoek Olinpikoen adinako arreta sozial eta mediatikoa jasoko duten, ezta kontzientzia sortu eta kirolari hauentzako aukerak eta baldintzak hobetzen lagunduko duten, zeinen parte hartzea krisiaren ondorioz are gehiago mugatuta izan den. Baina ez dugu amorerik emango, horretaz ziur gaude. Gizarteak hesiak gainditzeko ordua da honakoa, eta eurak ahal izan badute, gu ez gara gutxiago izango.

Talde paralinpikoa

Richard Oribe (1974, Donostia). Garun-paralisi bat badu ere, igerilari honen  garaipen zerrenda munduko hoberenetariko bat da. 18 domina paralinpiko eta munduko 48 errekor abala ematen diote. Londresekoak bere seigarren jokoak izango dira.

Ander Romarate (1994, Eibar). 18 urterekin bere lehenengo jokoetara joango den igerilaria da. Sorbalda eta bular igeriketako estatuko 5 errekorrek, baita nazioarteko garaipen ugariek, etorkizun oparoko kirolari batean bihurtu dute.

Asier García Pereiro (1981, Bilbo). Tren batek harrapatu zuen 12 urte zituenean eta, geroztik, gurpil-aulkiko saskibaloian aritzen da. 2011an brontzea lortu zuen espainiar selekzioko kidea, hegaleko pibot honek 11 urte daramatza klub desberdinetan jokatzen.

Aitor Oroza (1976, Bilbo). Trizikloko txirrindulari honen bigarren Jokoak izango dira. Aigle eta Bordeleko mundialetako urrezko domina da, eta zilar eta brontzekoa Dinamarkako sakonera eta erloju-aurkako probetan.

Víctor Hugo Garrido (1966, Bilbo). Venezuelako txirrindularia, Bizkain bizitakoa eta errepideko aditua. Lehiaketa amerikar askoren irabazlea eta Atenas 2004ko Jokoetan brontzeko domina. Bere hirugarren jokoak izango dira Venezuelako selekzioarekin.

Mari Carmen Rubio (1974, Iruñea). Arku jaurtitzaile honen lehenengo Jokoak, arko konposatuko modalitatean urrea bilatzen duena. 2009 eta 2010an Espainiako FEDDF, 2009an munduko laugarren eta 2010 bostgarren.

Laura García (1981, Barañain). Judoka honek jaiotzezko gaixotasun hereditario bat du. 2010, 2011 eta 2012an Estatuko Irabazlea, brontzezko domina bikoitza europeoetan eta mundialetan, eta munduko seigarrena 2012an, bere bigarren Jokoak izango dira.

GOT-eko blogariak (Ane Bores, Egoitz Maeso, Eneko Palomero eta Ianire Renobales) Joko Paralinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.