Batzuek amaitu dute euren kirol ibilbidea 2012ko Londresko Joko Olinpiko hauetan. Gustora dira gehienak, baina bada gauzak nahi bezain ondo atera ez zaionik ere. Duela lau urte Pekingo jokoetan sartutako arantza atera dute zenbaitek, eta beste bat sartuta geratu zaie gauzak gaizki atera zaizkien horiei. Basque Team-eko kirolariekin egoteko aukera izan dugu, eta beren esperientziaren berri galdetu diegu.


Ainhoa Murua: “Helburua bete dut”.

Ainhoa Muruaren hirugarren Joko Olinpikoak izan dira honakoak. 2004an Atenasen jokatu ziren haietan egin zuen debuta, eta ordutik postu on bategatik borrokan aritu da. Jakina zen sekula baino sasoi hobeagoan iritsi zela Londresera, eta pasa den abuztuaren 4an agerian geratu zen hori. “Disfrutatu egin nuen minuturo”.
Zarauztik etorritako 60 bat lagunen berotasuna jaso zuen lasterketak iraun zuen bitartean, eta sarrerak batzuk baino ez zituzten arren, ibilbidean zehar askoren animo eta oihuak entzun ahal izan zituen. Pekineko arantza atera du behingoz, lau urte luzeren ondoren. Helburua “bete” duela dio.

 

Zuriñe Rodriguez: “Ez nago batere pozik egindako lanarekin”

Txanponaren beste aldean dago Zuriñe Rodriguez. Bere lehen parte hartzea izan da Joko Olinpikoetan, eta gauzak ez zaizkio nahi bezain ondo atera. 44. postuan amaitu zuen lasterketa. Egun batzuk pasa arren, gaiaz hitz egiteak min ematen diola nabari zaio. Ez dagoela batere pozik dio. “Askoz ere gehiago egin nezakeela uste dut”.
Maiatzaz geroztik lesio batetik atera ezinik ibili da Barakaldokoa, eta horrek eragina izan du bere azken emaitzan zalantzarik gabe. “Orain atseden hartu eta Munduko Koparako prestatzen hasiko naiz”. Sarrerarik ez duen arren, Londresko giroaz gozatzen geldituko da jokoak amaitu bitartean, eta Itxiera ekitaldira ere joango dela esan digu.

 

Hodei Mazkiaran: “Dena gaizki irtetzen zaizunean mundua gainera erotzen zaizu”.

Bere lehen Joko Olinpikoak izan dira Mazkiaranentzat, eta “zapore gazi gozoarekin” gelditu da. Urduritasunak eragin nabarmena izan du nonbait, bere jardunean. 13. postuarekin konformatu behar izan du. Arazo teknikoak ere izan zituen. Bizikletaren eserleku azpiko torloju bat galdu zuen lehiatu baino lehen, eta arazoa konpontzeko denborarik gabe, deseroso aritu zen.
Buru aldetik ere lehertuta gelditu zen, eta fisikoki ere bai. Hankak zeharo puztu zitzaizkion geldirik egotearen ondorioz, eta horrek gauzak erabat zaildu zizkion. Halako egoerekin “mundua gainera” erortzen dela aitortu zigun nafarrak. Rio de Janeirora begira jarri da, zeharka bada ere. Orain hiri olinpikoko giroaz gozatzen geratuko da egun batzuetan, eta gero… gero egun batzuk hartuko ditu atseden hartzeko, berriz ere bizikleta gainera igo aurretik.

 

Pablo Carrera: “Prestakuntza baten modukoa izan dira Londresko Joko Olinpikoak niretzat”

 

Errealista da. Eta helburu errealistak jarri zizkion bere buruari Londresera etorri aurretik. Pozik dago egindako lanarekin Pablo Carrera. Lehen jokoak izateko, ez zaizkio gauzak batere gaizki atera. Lehen proban seigarren postua lortu zuen, eta diploma olinpikoa eskuratu zuen, beraz. Bigarren proban, berriz, 22. postuarekin konformatu behar izan zuen.
Carrerarentzat, halere, “prestakuntza baten antzekoa” izan da abentura hau. Psikologikoki bere burua kontrolatzen ikasteko balio izan dio. Urteak pasa ditu bere burua kontrolatzen ikasten eta txapelketetarako prestatzen. Rio de Janeirora emaitza hobe baten bila joango dela esan digu. Orduan ere, helburu errealistak izango ditu buruan ziur.

 

Maider Unda: “Domina baten bila nator”.

Hilaren 9an parte hartuko du Maider Undak Londresko Joko Olinpikoetan, eta “gogo askorekin” dago. Domina bat lortzeko bere “azken aukera” dela dio, guztia ematera aterako dela. Domina, horixe besterik ez du buruan. Emaitza on bat lortuko ez balu, ez du pentsatu ere egin nahi zer egingo duen. Bere kirol ibilbideko azken geltokia da Londres. Euskal Herrian duen beste bizimodura itzuli nahi du. Domina batekin ahal bada.
Leire Olaberria: “Fisikoki zein psikologikoki indartsua izatea garrantzitsua da Omniun-ean”.

Duela lau urte Pekingo Joko Olinpikoetan brontzezko domina lortu zuen Leire Olaberria ere Londresen da jada. Pasa den astean heldu zen Gatwickeko aireportura ikaztegietarra, eta ongi etorria egiteko aukera izan genuen lau blogariok. Hiri olinpikora iritsi bitartean umiltasun lezio galanta eman zigun.
Mallorcan eman ditu azken egunak jokoak prestatzen. Hango baldintza klimatologikoak egokiak dira beretzat. Ez dagoela urduri dio. Hainbeste urtetako prestakuntza eta gero, lehiatzeko “desiatzen” dago. Bai fisikoki, eta baita psikologikoki ere, indartsua izatea garrantzitsua da bere disziplinan.
2008ko Joko Olinpikoetan leihatu zen probarekin alderatuz, baldintza berriak ezarri dizkie, eta prestakuntza interesgarria egin du. Bere mugak zein diren ezagutzeko aukera itzela izan da disziplina berri horretara ohitzea. Baina erronkak atsegin ditu. Londresen etxean bezala lehiatuko da. Eraiki duten belodromoa asko gustatzen zaio. “Pista oso azkarra da, eta gustora sentiarazten du bertan leihatzeak”.
Atzo jokatutako lehen hiru proben ondoren, hamabigarren postuan ekingo die gaurko beste hiru probei. Gazteaukeratik zorterik onena opa diogu bene-benetan, eta eskerrak eman nahi dizkiogu berekin minutu batzuk pasatzeko aukera emateagatik. Hiri olinpikora sartu aurretik agur bero bidali zigun Gazteaukerako lagunoi.





Atzoko kirol emaitzak, abuztuak 6.

-Pistako txirrindularitza. Leire Olaberria. Omniun. Hiru proben ostean, hamabigarren postuan dago.
-Bela. Xabier Fernandez eta Iker Martinez. 49er maila. 14. lasterketan 15. postua, eta 15. lasterketan 12. postua. Ez dira sailkatu azken lasterketa erabakigarrirako.
-Eskubaloia. Gizonezkoak. Espainia 25 – Kroazia 30
Basque Team-eko kirolarien egutegia, abuztuak 7.
-Pistako txirrindularitza. Leire Olaberria. Omniun. HIru proba. 10:00etatik 18:30era.
-Eskubaloia. Emakumezkoak. Espainia – Kroazia. 13:30ean.

GOT-eko blogariak (Alex Padilla, Eider Aranberri, Karel López, Maite Goiriena) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.
Argazki gehiago ikusteko, hemen: