Antzerki lan baten azken agerraldia da. Fokuek protagonista argiztatzen dute bete-betean. Azken esaldia ahoskatu eta antzokia iluntasunak estaltzen du. Txalo zaparrada ikaragarri batek isiltasuna mila zatitan triskatzen du, aupada eta oihuen artean. Eszenatokiaren atzealdean, makillatzailea, zuzendaria, gidoilaria, dekoratzailea, argi eta soinu-teknikaria eta abar luze bat, aktorea bera bezain harro daude. Ikusi ez arren, denak dira arrakastaren parte.

Kirolean gauza bera gertatzen da, eta Basque Team (BAT) dugu euskal kirolari olinpikoen backstage-a. Basque Team, Eusko Jaurlaritzak eta EITB Euskal Irrati Telebistak sortu zuten, irabazi-asmorik gabe, eta Euskal Herriko goi mailako kirola sustatzea du helburu nagusi.

 

 

Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaritik hasita (Patxi Mutiloa), zuzendari kudeatzailea tartean (Ignacio García), programaren aholkularia (Fernando Sánchez), marketing eta komunikazio kudeatzailea (Rafa Mungia), administrazio arduraduna (María Pérez), aholkulari juridikoa (Javier Aldazabal), kirol teknikariak (Aitor Alberdi, Mar García, Uxue Zatika eta Idoia Ezkurza), kirol teknologian aditua (Julen Erauzkin), kirol medikuntzan mediku espezialistak (Xabier Leibar eta Maialen Beldarrain), kirolariaren trebakuntzan aditua (Olatz Legarza) barne. Denek ere elkarlanean dihardute, gure kirolariek Olinpiar Jokoetan zein mundialetan emaitzarik onenak lor ditzaten.

Eta ezin ahaztu tarte honetan, gurasoak. Mediku, psikologo, aholkulari, eta beharrizaneko edozein alderditan espezialista diren horiek. Pazientzian masterdunak, eta baldintza gabeko laguntza eskaintzen dutenak. Arrakastak eta porrotak, seme edo alaba kirolariak bezain beste, edo intentsoago bizi dituztenak. Eskerrik asko ama eta aita.

 

GOT-eko blogariak (Karel López, Alex Padilla, Maite Goiriena eta Eider Aranberri) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.

Argazki gehiago ikusteko, hemen: http://www.flickr.com/photos/gazteaukera/sets/72157629140972159/