Gazteen artean, besteak-beste, Europako mugikortasun programak sustatzen dituen Kaebnai elkarteak Ment@revolution egitasmoa jarri du abian. Baina zer da izen bitxi horren atzean dagoen ekimena?

Ment@revolution-ek gazteen artean parte hartze aktiboa sustatzea du helburu. Horretarako antolatzaileek, gazteek hitza hartu eta beraien ingurua aktibatzeko gizarte ekintza txikiak egitea nahi dute. 16tik 30 urte bitarteko 4 gazteek osaturiko talde batek; artea eta kultura, gizarte-bazterketa, ingurumena, osasuna, hirugarren adina, etorkinak, langabezia, aisia, baserritar eta hiritar garapena, gazte politikak, gazte info, europar kontzientzia, gazteria eta kirolak, ondare babesa zein baterako hezkuntza gaitzat hartuz ekimen bat garatu behar dute, beraien herrian zein hirian.

Ekainaren 30a baino lehen bidali behar da egindako ekintzaren inguruko dokumentazio guztia. Beraz, ordurako eginak egon behar dira ekintzak. Interesgarria baderitzozu egitasmoa hau, begiratu itzazu oinarriak.

Jasotako ekimenik onenak 22 eguneko 4 interRail txartel irabaziko ditu opari gisa, abuztuan zein irailean bidaia Europan zehar egiteko.

Ez ezazu denborarik galdu eta egin eta eragin zure herrian!