20 urte luze pasa dira dagoeneko Bartzelonako Olinpiar Jokoak ospatu zirenetik (1992). Garai hura gogoan, iragan ekainaren 16an, Espainiako Atletismo Federazioak herrialdeko atletarik onenak bildu zituen duela bi hamarkada planeta guztia liluratu zuen estadio berean. Montjuiceko Olinpiar Estadioan jokatu zen Espainiako Federazioen Txapelketa, eta orotara hamabi erkidego aritu ziren lehian. Egun guztian zehar, kirolariek euren kemena eta indarra erakutsi zituzten. Azkenean, Katalunia izan zen garaile.

Euskadiko selekzioaren aldetik aurreikuspen guztiak bete ziren. Gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapen orokorrean seigarren postua lortu zuten. Eguneko poza, ordea, emakumezkoek lortutako hirugarren postuak eman zuen. Baina, hitz egin dezagun alderdi pertsonaletaz, olinpikoetaz, eta zergatik ez, baita une hunkigarrietaz ere.

Euskadiko selekzioaren ordezkarien artean, Olinpiar Jokoetan seguru arituko den bat: Mikel Odriozola eta agian egongo den beste bat: Naroa Agirre.

Mikel Odriozolak bere ohiko proba, -50 kilometro ibilketan-, egun batez utzi, eta ibilketako 5 kilometrotako proban hartu zuen parte. Argi dago berarentzat distantzia motzegia dela 5 kilometrokoa. Halere, denbora ona egin zuen Mikelek, eta laugarren postu ezin hobean amaitu zuen. Olinpiar Jokoetarako prestakuntza bide onetik darama.

Naroa Agirre, aldiz, txapelketetara itzuli zen denbora luzez min hartuta egon ondotik. Momentu txarrenean heldu zitzaion lesioa donostiarrari, baina ez du amore eman, halere.  Atletico San Sebastianeko atletak gogor jarraitzen du bere prestakuntzarekin, jokoetan aritzeko gutxienekoa lortzeko borrokan. Ez ahaztu lehendik ere bi Olinpiar Jokoetan egona dela dagoeneko. Ikusgarria da bere burua nola gainditzen duen! Eredugarria benetan. Bartzelonako txapelketan 4.10 metrokoa izan zen bere saltorik onena. Ez dago batere gaizki, duela hilabete oina lurrean jarri ezinda zebilela kontuan hartuz gero. Sentsazioak berreskuratzen ari da Naroa. Datozen asteetan Helsinkin jokatuko den Europako Txapelketan izango da Espainiako selekzioarekin. Gutxieneko marka lortzeko, bere azken aukera izango da. Ziur lortuko duela!

GOT-eko blogariak (Karel López, Alex Padilla, Maite Goiriena eta Eider Aranberri) Joko Olinpikoen berri ematen. Egitasmo hau Gazteaukera eta Basque Team-en elkarlanaren ondorio da.