Portugaleteko Kultur Etxean maiatzaren 23an ekintzailetasunaren eta gizarte-berrikuntzaren inguruko #Egingodugu2012 jardunaldia antolatu zituen.

Egun, ekintzaile, ekintzailetasun, gizarte berrikuntza etab… aski entzunak ditugun kontzeptuak diren arren askotan, hitzetatik haratago praktikak ezagutzeko gogoz izaten gara, hitzen atzean dagoen hori ulertze aldera. Bistakoa da, praktika horietan gazteek eta ez horren gazte diren pertsonek lanean dihardutela; ilusioz, pasioz eta batez ere gizartean ikusten dituzten arazo ezberdinei irtenbideak eman nahian. Jardunaldi honetan, gizarte berrikuntzan lanean diharduten egitasmoen berri izan genuen, inspiratzaile izan daitezkeen praktikak plazaratu zirelarik.

Amalio Rey ekintzailea eta Emotools enpresako kideak, beharrezkotzat jo zuen bizi dugun krisi garaian, ekintzaile ekonomikoak, ekintzaile sozialak eta baita ekintzaile politikoak bultzatzea. Egoera larriari aurre egiteko ezinbesteko 3 ardatz direlako, bere aburuz. Era berean, arazo txikietan lan egitea bezain garrantzizkotzat jo zuen aktibismoaren bidez arazo handiak ere jorratzea, errotik moztu ahal izateko. Ashoka, nazioarte mailan ekintzaileak (changemakers-ak) bilatu eta laguntzen dituen erakundeko Luisa Alemanyk bestalde, ekintzaile diren pertsonek beraien inguruan eragin eta gauzak aldatzeko duten indarraz hitz egin zuen.


Esperientzien mahian, Fiare bankako ordezkaria, banka etiko eta kooperatibo honen ezaugarriez mintzatu zen. Bere hitzetan, banka mota honek bazkideei beraien diruaren kontrola eskaintzen die eta parte hartze zuzena dute erabaki guztietan. Goteo.org “ADN irekiko ”crowdfounding eta crowdsourcing ekimenaren arduradunak, proiektuak diruz laguntzea baino garrantzitsuago zela esan zuen komunitatea sortzea. Positive, sormen positiboa indartzen ahalegintzen den egitasmoak ere bere tartea izan zuen. Horrela, erakunde sozialen beharrizan konkretuei aurre egiteko, sormenean oinarrituriko konponbideak garatzen dituzte. Fixmediak bestalde, kazetaritza parte hartzailea indartu asmoaz, zuzenak ez diren albisteak konpontzeko plataforma bat sortu du. Komunitateak, oker ikusten dituen albisteak zuzendu eta berriak proposatzeko aukera du. Goiza bukatzeko, Irekia egitasmoaren aurkezpenean, Jaurlaritzak datuak ireki eta jendartera heltzeko beharraz hitz egin zuen Nagore De los Ríos, komunikazio arduradunak.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=Jt6wBkVCczo[/youtube]

Arratsaldeko saioan, ekintzailetasuna bultzatzeko ahaleginetan hezkuntzak duen zeresanaz mintzatu ziren Valnalón-eduka, Urratsbat, Mondragón Team Academy zein Social Dreamers ekimetako kideak. Aho batez denek berretsi zuten ezinbestekoa dela kultura ekintzailea hezkuntza maila ezberdinetan lantzea, lehen hezkuntzatik unibertsitatera arte.