Londresek gazteengan lilura sortarazten duela bistakoa da. Belaunaldi ezberdinetako gazteak joan izan dira bertara, lan bila, ingelesa ikastera, au-pair gisa, ikastaro ezberdinak egitera zein oporretan. Gure lagunek, lehengusurenbatek, zein gurasoek ere bizi izan dute hiri honetan abenturarenbat ziurrenik. Nork ez du bertan bizi den lagunenbat ezagutzen?

Hiriak berak, mundu osoko jendea erakartzen du; musika, artea, dendak, kultura zein gaueko giroak liluraturik. Baina nolakoa da egungo gazte baten esperientzia Londresen? Bidaia iniziatikoa egiten ari den gazte batek gure mundu globalizatu honetan, horrenbeste ezberdintasun aurkitzen al ditu bere herriarekin alderatuz Londeresera heltzen denean?

Maite Fraile Aretxabaletarrak irailean hartu zuen Londreserako hegazkina. Ikasketak amaitu eta ingelesa praktikatu asmoz ekin zion bere bideari. Erresuma Batuko hiriburutik eman digu bere ikuspuntuaren berri.

Zergatik aukeratu zenuen Londres?

Londres, ekintza eta alternatiba ezberdinak eskaintzen dituen hiri bat delako, musikaren aldetik historia asko du eta bertako kultura gertutik ezagutzeak erakarri egiten ninduen.

Londresera egiten duzun lehenengo bidaia al da? Nolako inpresioa izan zenuen heltzerakoan?

Bai, Londresera egiten dudan lehen bidaia da. Heltzerakoan Holborn metroko geltokian geratu ginen Aretxabaletako lagun bat eta ni, agentziara joateko. Agentzia bati ordaindu genion lana eta etxea topatzeko heldu bezain laister. Lehen inpresioa oso hiri kapitalista eta jendetsua zela izan zen, Londres erdialdean denda, komertzio eta taberna mordo bat baitaude jendez josia.

Ikasten, lanean… Kontaiguzu nolakoa den zure egun arrunt bat Londresen

Orain dela hilebete eta erdi iritsi nintzen, bi astetara lana aurkitu nuen eta orainarte lanean aritu naiz kafetegi batean “ Caffe Nero-n”. Laister ingeleseko klaseak hartuko ditut lanean ari naizen bitartean nire ingeles maila hobetzeko. Denbora librean, lagunekin irtetzen naiz Londoneko leku berriak bisitatzera: kaleak,  museoak, erropa azokak… eta asteburuetan taberna ezberdinetara joaten gara zerbeza batzuk edatera. Azkenaldian St Paul katedralean egon gara munduko krisi ekonomikoaren kontra protestatzen,  Occupy London mugimenduan. Gazte eta heldu asko hurbildu gara bertara.

Gazte asko al dago zu bezalako egoeran Londresen (ikasten eta lanean) eta zergatik uste duzu erakartzen duela horrenbete jende hiriak?

Bai jende asko dago nire egoera berdinean, gehienak lanean. Euskal herrian eta Espainian langabezia altua denez, ingelesa ikasteaz gain hona etortzen dira lan bila, hemen oso erraza baita kafetegietan, taberna eta jatetxeetan zerbitzari eta “kitchen porter” ( harrikoa egiten dutenak) bezalako lanak aurkitzea.

Zer da zure bizimodu berriaz gehien gustatzen zaizuna eta gutxien?

Nire bizimodu berritik gehien gustatzen zaidana, ingeles maila hobetzen ari dela igartzeaz gain independienteki eta egunero esperientzia berriak eta ezberdinak bizitzen ari naizela da. Gutxien, jende asko eta prisaka bizi dela da, ez zait gustatzen bizimodu erritmo azkar hori.

Talka kultural handia izan al da zuretzat ingelesen ohitura eta kulturara egitea? Ezberdintasun handiak aurkitzen al dituzu?

Bai talka handia izan da, oso kultura ezberdinak baitira Euskal Herrikoa eta Ingalaterrakoa. Euskal Herrian jendea beroagoa da, hemen hotzagoak eta zuzenagoak dira, baina bueno denetik dago hemen, oso multikulturala den hiria da Londres, munduko herrialde ezberdinetako pertsona asko bizi baitira, ingelesak baino gehiago uste dut nik! Jeje. Bai ezberdintasunak ditu Euskal Herriarekin, kotxeek ezkerretik gidatzeaz gain hemengo janaria ez da han bezalako ona, pintxopoteoak botaten ditut faltan!! Je, je, je.

Krisian murgildurik, nabaritzen al da horrelakorik Londresen?

Bai, nabaritzen da krisian murgildurik gaudela eta batzuk aitzaki bezala hartzen dutela langileei ez ordaintzeko. Badut lagunen bat edo beste, bere managerrak, egindako lanagatik gutxiago ordaindu edo ezer ordaintzen ez diotela. Bestalde, Londres oso kapitalista da eta asko igartzen dira klase sozialak.

Munduko bazter ezberdinetako jendea ezgutzeko aukera izan al duzu. Nolakoak izan dira orain arteko hartu emanak?

Bai munduko jende ezberdin asko ezagutu dut, txinoak, hego-afrikarrak, italiarrak, espainiar asko eta euskaldunen bat. Oso onak izan dira  orain arteko hartu emanak, jende jatorra ezagutu dut eta oso pozik nago.

Herriminik, izan al duzu? Zeintzuk dira zure trikimailuak lagunengandik eta familiarengandik gertuago sentitzeko?

Bai, noski badut herrimina, asko gogoratzen naiz familia eta lagunena. Beraiekin komunikatzeko emailak eta facebook sare soziala erabiltzen dut.

Festarako giro ona aurkitu al duzu?

Bai festarako giro ona aurkitu dut, hoberena astebukaera bakoitza ezberdina dela da, leku ezberdinetan izaten gara, horrela luzarora begira gehien gustatzen zaigun jai giroa aukeratzeko!!!