Urriaren 13an Lantegiak sarean deituriko bigarren jardunaldiek sortzaile ezberdinak bildu zituen Bilboko Zorrozaurre auzoko 6. Pabiloian. Egitasmo honen helburuetako bat Kultura Sailak sustatutako Sormen Lantegien berri ematea eta Euskadiko esperientzia sortzaile ezberdinak aurkeztea izan zen. Era beran, EAEn garatzen ari diren sormen proiektu, espazio eta eragileen artean sortutako sare itxurako antolaketa batek izan dezakeen potentzialtaasuna ere plazaratu nahi izan zuten.

Egun osoko jardunaldi honetan bertoko zein kanpoko ekimenek tartea izan zuten. Hasteko, Sormen  Lantegien baitan biltzen diren egitasmoak aurkeztu zituzten.

Eibarko Alfa enpresak artea eta industria uztartzeko abiarazi nahi duen alfa 013 proiektuak, arteak industriari balioa ematea eta elkarren gehigarri izatea bilatzen du. Proiektua abiarazteko ikerketarako eta esperimentaziorako gunea prestatu nahi dute Alfako arduradunek.

Azala egitasmoa bestelakoa da. Arabako Lasierra haranean berriki zabalduriko Kultur proiektu honek bi buru ditu; alde batetik, artistentzako sorkuntzarako gunea da eta bestetik ostatu turistikoa. Ingurune lasai eta baketsuan kreazio lanerako ekimenek burutzeko leku aproposa.

Harrobia, Otxarkoagako Ekoizpen eszenikorako zentro berria da. Helburua arte eszenikoan diharduten agenteei baliabide guztiak eskura jartzea da; nolabait, konpainiek gaur egun behar dituzten metodologiak, ezagutzak eta baliabideak eskaintzea. Era berean, auzoari loturiko hainbat proiektu abiarazteko asmoa dute zentro honetako arduradunek.

 

Papelera egitasmoaren arduradunek, Zorrozaurreko auzoan dagoen lantegi zahar batean gastronomian oinarrituriko espazio bat sortaraztea dute helburu. Gastronomia ardatz izanik, hartu emanak egiteko espazio sortu nahi dute eta erreferentzia gune bilakatu auzoan.

 

ZAWP Bilbao (Zorrotzaurre Art Working Progress) Deustuko Erribera-Zorrotzaurreko hirigintza eraldaketa prozesuaren erreflexio, interpretazio, proiekzio eta birasmatze ariketatik jaiotzen den proiektua da. Arte, sormen eta berrikuntzaren bitartez ZAWP-ek Deustuko Erribera-Zorrotzaurreko bizitza indartzea du helburu, Horretarako, ZAWP Bilbao menpekoak diren 4 jokabide ardatzetan oinarritzen da:

Ekintza-Adierazpenak: Berrikuntza eta sormen ekimen puntualak.
Guneak: Berritutako aintzinako gune industrialetan koste baxuko alokairuak sormen erabilpenetarako.
Memoria: Zorrotzaurre eta Bilboko Memoria Industrialaren Interpretazio Zentrua.
2.0: Gure zawperrak osatutako 2.0 komunitate baten sormena bultzatu.

Bertoko egitasmoez gain, Europako Zetro kulturalen sare independienteak Trans European Halles delakoak 1983az geroztik egindako ibilbideari buruz hitz egin zuen. Elkarte honek Europako 53 proiektu biltzen ditu eta sareko kideek hartu emanak sendotzeko egitasmo ezberdinak garatzen dituzte, hala nola, proiektu trukeak zein biltzarrak.

Nazioarte mailan bizipenak eta esperientziak izan dituzten 3 euskal sortzailek ere aurkezpenak egin zituzten. Tartean, Juan Cruz Igerabide idazleak Municheko Villa Waldbertan egindako egonaldia azaldu zuen. Igarabidek 3 hilabete pasa zituen munduko herrialde ezberdinetako artista eta idazlerekin batera Alemaniako egoitzan. Saioa Olmo artistak bestalde, Biellako Citta Dellarten egindako erresidentziaren berri eman zuen. Bertan, jakintza mota ezberdinen arabera lan egiten dute artistek: Hezkuntza, Gorputza,  Espiritualtasuna, Birziklapena…Ortzi Acosta akrobatak azkenik, Le Cirque du Soleil-en egindako 3 urteak azaldu zituen.

Ondoren, Consonni arte ekoiztetxeko kideek Europako sormen fabriken inguruan egin duten direktorioa aurkeztu zuten. Ikerketa lan honek, Europa osoko ekimen garrantzitsuenak biltzen ditu; elkarteak, ekoiztetxeak etab.

Saioa bukatzeko, “Sormen Lantegiak” diru laguntzetara aurkezturiko egitasmoak azaldu zituzten proiektuen arduradunek. Ekimen batzuk Zorrozaurreko Zawp estudioetan egitekoak dira:

  • Versoflexia: Poesia bisuala ardatz duen egitasmoa
  • Babel estudio: Arkitektura estudioa
  • Barrikako Marismak: Barrikako marismen inguruko ikerketa lana
  • Ark box: Arkitektura jasangarria oinarri duen egitasmoa
  • Tximini: Euskal Herriko ondare industriala ezagutarazteko proiektua
  • Delirium studios: Bideo-jokoak eta ezagutzak trukatzeko Zawp-en kokaturiko gunea
  • Ondoko emakumea: Toxikomanoak izanik sexu lanean aritzen diren emakumeei zuzenduriko blog bisuala.
  • Colaborabora: Berrikuntza soziala eta procomún kontzeptua
  • Conexiones improbales: Artistak eta enpresak elkartzen dituen egitasmoa
  • Birloki: Kaleko ekipamenduak jendartera hurbiltzeko hirigintza egitasmoa
  • Digital Graphic recording proiektua, marrazkien bidez kontzeptuak finkatzeko ikerketa egitasmoa.

Azkenik, Pernan Goñi marrazkilariak jardunaldian zehar egindako marrazkiak proiektatu zituen animazio batean eta twitterlari ezberdinek bere ekarpenak egin zituzten sarean.