Jone Novo duragarrak freelance bezala lan egiten du Eitbrentzat eta beste zenbait ekoizpen-etxe eta bezerorentzat. Kameralari, editore eta produkzio lanetan aritzen da lanean. Programazio modulu bat ikasi ostean, Andoaingo Zine Eskolan errealizazio modulu bat egin zuen. Bere zaletasunen artean zinea eta musika dira aipagarrienak. DJ lanetan edo “musika jartzaile”, berak dioen bezala, aritzen da Donostiako eta Bilboko hainbat tabernetan.

Zinemaldian lanean egotea egokitu zaio aurten ere eta kameraren beste aldean ezkutatzen denaren berri galdetu diogu. Nolakoa da Zinemaldia barru-barrutik?

Noiz hasi zinen Zinemaldian lanean eta zein zereginetan aritzen zara?

Orain dela 7 urte hasi nintzen lanean Zinemaldian. Zine Eskolako praktikak ekoizpen-etxe batean egin nituen eta ekoizpen-etxeak bideoak egiten zituen Zinemaldiko galetarako; aurkezpen bideoak, sari banaketak… hasiera batean errealizazio lanetan aritu nintzen lanean 2 urtez.

Gerora, ondorengo 5 urteak beste ekoizpen-etxe batean kameralari lanetan aritu naiz. Zinemaldiko prentsa ofizialaren baitan gaude eta ekitaldi guztiak estaltzen ditugu Internetera igotzeko eta telefestibalerako bideoak eginez.

Nola bizi duzu kameraren beste aldean Zinemaldia?

Izugarrizko esperientzia da niretzat. Urte asko daramat dagoeneko baina itzela da Zinemaldi barruko lana ikustea, lan honek ez du zerikusirik kanpoan jendeak bizi duenarekin. Lanean zaude baina gustuko baduzu egiten duzuna eta zinema, lana beste era batera ikusten duzu. Oso aberasgarria da .

Gazte asko aritzen al zarete egun hauetan Jaialdian lanean?

Jende gaztea badago, baina gehienak praktiketan daudenak dira, zine eskoletako ikasleak eta bestelako eskoletatik datozenak. Lanean denetarik dago, gazteak eta ez horren gazteak. Zuzendaritzan eta prentsan aritzen direnak esperientzia handiko pertsonak dira, urte osoan aritzen direnak lanean. Apurka-apurka jende berria eta gaztea ere sartzen ari da. Lehenengo urtean praktiketan hasi eta bigarren urtean kontratuarekin hartu dituztenak.

Zinemaldian Gazte epaimahaiaren saria ere badago eta bertako kide guztiak 17 eta 21 urte bitarteko gazteak dira.

Zein da Zinemaldian lan egitearen gauzarik onena eta txarrena?

Onena Zinemaldia barrutik ezagutzea da, aktore eta zuzendarien alboan egotea. Gu gainera Zinemaldi barruko prentsa ofiziala garenez gertu-gertu egoten gara denengandik.

Txarrena, agian nahi beste film ikusteko aukerarik ez izatea da. Libre dugunean agian zinera sartu ordez bueltatxo bat emateko gogoa izaten dugu.

Famaturenbat ikusteko aukera izango zenuen, zein famatu grabatzea gustatu zaizu gehien?

Urtero egoten dira hainbat txutxumutxu langileon ahotan famatuen kontura. Niretzat Meryl Streap izan da zirrara berezia sortu didan aktoresetariko bat. Oso aktoresa ona iruditzen zait eta nik bere elkarrizketa bat grabatu izana eta berak  irribarre bat kamerari motatzea oso momentu berezia izan zen niretzat.

Badira beste aktore batzuk, Julia Roberts bezalakoak segurtasuna tarteko hurbiltzea ere oso zail izaten dena. Eta Brad Pitt oso ederra den arren ez da horrenbesterakoa ere. Alfonbra gorriko momentua gustuko dut, aktoreak, fans-ak garrasika ikustea… itzela da.

Filmerik ikusteko tarterik izango duzu aurten?

Aurten dudan ordutegiarekin egunero film bat ikusteko asmoa dut. Gauza interesgarri asko daudela uste dut aurten Sail Ofizialean eta Zabaltegin.

Joneren elkarrizketa irakurri ostean Zinemaldira joateko gogoa piztu bazaizue, jakizue Gazte-txartelak 15 gonbidapen bikoitz zozkatzen dituela Zinemaldiko edozein film ikusteko.