Malagako, Ipar Irlandako eta Euskal herriko 25 gaztek, bat egin du Gorlizko aterpetxean berriki. Partaideek, 3 egunez, UNESCO Etxeak antolaturiko kultura arteko trukaketa batean parte hartu dute. Egitasmo honek Gazteria Zuzendaritzaren laguntza izan du eta bere helburuen artean; norberaren kulturaren ezaugarriak ezagutzea eta baloratzea, beste kultura batzuetarako hurbilketa eta errespetua sustatzea eta bake kulturaren alde lan egitea egon dira, besteak beste.

Jardunaldi hauen haritik, Gazteak eta Bake Kultura Nazioarteko Mintegia ere egin da Euskalduna Jauregian. Federico Mayor Zaragoza, Bake Kultura Fundazioko presidente eta UNESCOko zuzendari nagusi ohia, bezalako hizlariak parte hartu dute tarteko.

Kultur trukaketan partaide izan diren  gazte batzuekin mintzatzeko aukera izan du Gazteaukerak eta esperientzia honen nondik-norakoak nola bizi izan dituzten azaldu digute.

Euskaldunen taldekoa da Beñat, 19 urteko Lauaxeta ikastolako ikasle ohia. Bere ikastolako begirale taldearekin batera ekimen honetan parte hartzeko aukera izan du. Oso esperientzia aberasgarria izan dela azaldu digu, eta Malaga, eta Ipar Irlandako gazteak gogotsu etorri direla Euskal Herria ezagutzera. Tartean, elkar ezagutza eta kulturarteko ezagutza bultzatzeko hainbat joko egin dituzte. Honen haritik, hitzen ordez, marrazkiak, eta bestelako lanak ere egin dituzte gazteek; ohiturak, hizkuntzak, topikoak zein bestelako gaiak lantzeko. Sormenezko lanek hitzek azaldu ezin dutena azaltzeko gaitasuna omen dute.

Carlak 16 urte ditu eta Malagako Internacional Torre Quebrada ikastetxetik etorritako taldeko kidea da. Euskal Herrira egiten duen lehenengo bidaia da eta gustura azaldu da truke honetan bizitakoaz. Euskaldunenganako zituen aurreiritzi askoarekin apurtzeko aukera eman omen dio bizipen honek eta asko eskertzen du. Oso interesgarria iruditu zaizkio Gazteak eta Bake Kultura mintegian entzundako hizlarien aurkezpen eta proiektuak. Bake bidean lan egiten jarraitzeko era honetako ekintzak baliagarriak direla dio, kultura ezberdinetako gazteak elkar ezagutu eta elkar ulertzeko aukera ematen baitute. Aukera duen edonori luzatzen dio Carlak honako ekimen batean parte hartzeko gonbita.

Bestalde, Liam, Ipar Irlandako gaztea da. Bere auzoko kultur etxeko boluntarioa da eta beste 9 gazte irlandarrekin batera etorri da. Euskal Herrian behin baino gehiagotan egon bada ere, lehendabiziko aldiz parte hartzen du era honetako ekimen batean gurean. Interesgarria iruditu omen zaio Espainiar eta euskaldun gazteak nola harremantzen diren ikustea, bere herrian oraindik irlandar katoliko eta protestanteen artean dauden ezin ikusi handiak baitira. Honako ekimenak herriek dituzten zauriak sendatzeko bide egokiak direla uste du. Irlandari buruz dio, oraindik lan handia dagoela egiteko bakebidean baina positibo azaltzen da.

Dinamizatzaile lanetan ibili da Zuriñe Arruza, Kilimiliklik kultur elkarteko kidea. Elkarte honek Euskal Herriko gazteak Europako zein beste herrialdetako gazteekin harremanetan jartzea du helburu. Bakearen inguruan talde mailan lan egiteko eskaera jaso zuten elkartean UNESCO Etxetik eta dinamizazio lanetan aritu da gazte taldearekin. Hiru egunetan taldea osatu, gazteak elkarrekin gustura sentiaraztea lortu, kultur ezagutzak trukatu eta bakeari buruz hitz egiten aritu direla esan digu. Era berean, marrazkiak eta bestelako lan sortzaileak ere egin dituzte.

Azkenik, gazteek aho batez aipatu dute bakearen alde lan egiteko oso garrantzitsua dela hezkuntzan lan egitea. Beharrezko jotzen dute heziketa aldatzea, eskoletan jasotzen duten heziketa formalari sormena eta kulturatekotasuna gehitzea. Gelan aztertu beharreko gaiak eta baloreak direlakoan daude eta horretarako baliabideak jarri behar direla diote.