Zahartzaroaren drama ez da zaharra izatea, gaztetasuna joan dela baizik Oscar Wideren esaldi honek ematen dio ongi etorria Getxophotori. Bosgarrenez ekingo dio aurten Getxoko Nazioarteko Argazki Jaialdiak, irailaren 1tik 30a bitartean. Zahartzaroa ardatz hartu dute antolatzaileek edizio honetan, eta gaia jorratzeko hogei bat erakusketa zein ekintza osagarri izango dira Getxoko kaleetan, zein areto ezberdinetan.

Zahartzaroaren ikuspegi ezberdinak jorratzen dituzten lanak ikusteko aukera izango du bertara hurbiltzen den orok, eta besteak-beste, Zaharren edertasun lehiaketak (Luis Cobelo), Zahar-etxeetako bizitza (Josep Echaburu), zein hirietako ortuak (Vicente Paredes) azaltzen diren argazkiak izango dira ikusgai.

 

GETXOPHOTO 2011, Contrapunto.

Gazteak garenean urrun ikusten dugun adin tartea den arren, zaharra izatea ez da ez ona ez txarra, ez da egoera goresgarri bat, baizik eta saihestezina eta gure identitate biologikoaren zatia. Getxophotoren edizio honetan bizi-epe unibertsal honen alde ezberdinak erakutsi nahi dituzte Begihandi argazki taldeko antolatzaileek, gaur egungo komunikabideek ezikusiarena egiten duten gai honen inguruan.