Aurten Korrikaren 17.edizioa ospatuko da apirilaren 7tik 17a bitartean. Bi urterik behin egiten den Euskararen aldeko mugimendu hau, Trebiñun hasi eta Euskal Herriko hainbat txokoetatik pasa ostean Donostian amaituko da. Korrikaren lema edo lelo gisa “Euskalakari” hitza aukeratu dute Korrikaren AEK-ko antolatzaileek. Asmaturiko hitz honek, euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duen pertsona deskribatzen du. Gose taldea izan da Korrikaren kantua prestatzeaz arduratu den euskal taldea.

Korrikaren baitan antolatzen den Korrika Kulturalak, euskararen inguruko sormenezko egitasmo ezberdinak herririk-herri zabaltzea du helburu eta hori dela eta, programazio mardula prestatu dute.

Baina kalean egiten diren egitasmoez gain, 2011ko Korrika Kulturalak ikus-entzunezkoen sorkuntzari ere lekua eman nahi izan dio. Egun, edozein adin tarteko jendeak, bereziki gazteek, ikus-entzunezko baliabideekiko duten hurbiltasuna kontuan edukita, Korrika Kulturalaren baitan bideo lehiaketa berezi eta berritzailea abiarazi dute, Euskalaklip, alegia.

Euskalaklip lehiaketak harrera hona izan du eta hainbat txokotako lagunek parte hartu dute. Korrikaren web orrian ikusgai daude parte hartzaileek bidaliriko lanak. Ondorengo bi bideoak horren adibide dira.

Gurean euskaraz Euskalaklip

Durangoko Berbaro euskara elkartearen Gurean euskaraz egitasmoaren arduradun eta parte hartzaileek Euskalaklip lehiaketan parte hartu nahi izan dute. Proiektu horren xedea kanpotik datozen lagun horiek euskarara hurbiltzea da.

Bertsoak + musika= Euskalaklip

Katxo Larrazabal eta Josu Landeta euskalakarien bertsoak marraztu ditu Laurita Siles Marbellar euskaldun korrikazaleak bere Euskalaklipean. Euskaraz hitz egiten dioten guztiei eskaini die bere bideoa.