dinux2

Aitor Lopez de Aberasturik informatika ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta bere lan jarduera Internet eta software librearen munduarekin estuki loturik egon da beti. Duela 14 urte, ikasketak bukatu ostean, proiektu pertsonal bati ekin zion,Kaixo.com atariari. Interneteko atari hau aitzindaria izan zen jarioen kudeaketan eta informazioaren hedapenean, web orri gutxi eta antzuak zeuden garaian.

Zazpi urte daramatza Gasteizko Dicesanas ikastetxean lanean informatikako irakasle gisaeta bertan Dinux proiektua garatzea otu zitzaion. Dinux software librean egindako sistema eragilea da eta programa zein aplikazio guztiak euskaraz eskaintzen ditu, besteak-beste.

Zer da zehazki Dinux?

Duela 5-6 urte hasi ginen Dinux proiektua garatzen Diocesanas ikastetxean. Ideia, D ereduko beharrizanak asetzeko sistema eragile bat sortzea zen, hots, euskara hutsezko sistema bat klaseak osorik euskaraz eman ahal izateko. Horretarako software librean oinarrituriko sistema eragile bat behar genuela ohartu ginen eta CD light bat egin genuen bertatik programa eta aplikazioak abiarazteko. Hau izan zen Dinuxen hasiera eta bere lehen bertsioa.

Diocesanas ikastetxe elebiduna izanik euskaraz eta erdaraz egin genuen hurrengo Dinuxen bertsioa. Ikastetxeko 120 ordenagailutan instalatu genuen jarraian.
Sistema eragilea CD-an egotetik ordenagailuetan egotera pasa zen horrela.

Dinuxen D-ak D ereduko sistema eragilea eta Diocesanasen D-a uztartzen ditu Linuxekin.

Zein da Dinuxen eta Ubunturen arteko aldea?

Dinux Ubuntun oinarritzen da, Ubuntu, GPL/ Linuxen banaketa bat da. Ubuntu instalatzen duzunean ordenagailuan softwarea instalatu behar duzu, plugginak, kodeak, driverrak, euskarazko programak etab, horrek denbora asko eskatzen du. Dinux instalatu ezkero, informazio guzti hori prest dago; azkarragoa eta errazagoa da prozesua.

dinux_ikastetxean

Zerk bultzatuta egin duzue Software librea eta euskararen aldeko apustua?

Alde batetik beharrizanak eraginda. Orain dela zazpi urte euskarazko software gutxi zegoen, eta argi geneukan euskarazko klaseak emateko beharrezkoa zela euskarazko softwarea. Halaber, erraztasuna bilatzen genuen horretarako. Ikastetxearentzat euskara ardatz izan da hezkuntza proiektuan eta software librea aukera ona dela sinetsi dute, oro har arduradunek.

Zeintzuk dira software librearen inguruan ditugun mito edo ideia faltsuak?

Software librea, nire ustez dagoen sistemarik seguruena da. Jende gehienak ez daki baina Linux erabiltzen dugu egunero. Interneteko zerbitzari gehienek Linux sistema darabilte. Ez da merkeagoa edo doakoa delako, seguruagoa delako baizik. Linuxen ez daude birusak. Ez direlako garatu eta zailagoa delako sistema hackeatzea. Horregatik Interneteko zerbitzari gehienak Linux dira.

Software librearen abantailen artean kode irekia da giltzarrietariko bat. Honek lana asko errazten du eta hainbat alorretan onurak dakartza. Itzulpenak egiteko orduan esaterako: Firefox 3.0 garatu zenean irten aurretik bageneukan bertsio hori euskaratua. Argitaratu zen egunean listo geneukan software libreari esker. Liberzale. org bezalako elkarteen lanari esker posible da softwarea euskaraz izatea.

Ingeleseko Free hitzak bi esanahi ditu: librea eta doakoa. Askotan ez dago argi librea hala doakoa den. Software librea software askea da. Erabiltzaile eta garatzaileen askatasuna du abiapuntu eta helburu. Eta software librearen filosofiaren oinarri diren lau askatasunak dira, hain zuzen, printzipio eta balio horien lekuko: 1) programak erabiltzeko askatasuna; 2) programak aztertu, aldatu eta egokitzeko askatasuna; 3) programak kopiatzeko askatasuna; eta 4) programak hobetu eta berriz banatu edota komertzializatzeko askatasuna. Software liberaren merkatua ez da produktuetan oinarritzen zerbitzuetan baino, zuk hobekuntzak egiten badituzu ondoren irabaziak lor ditzakezu egindako lanarengatik. Beraz, badago software librearen merkatu komertziala ere.

Zein izan da Dinux sistema erabili duten erabiltzaileengandik jaso duzuen erantzuna?

Software berri batera egokitzeak bere zailtasunak ditu. Zailtasunak baino gehiago jendeak aurreiritzi edo erreparoak ditu. Oro har, berria eta ezberdina delako. Zailtasun nagusia ohiturak aldatzea izan da, izan ere, jendea windows erabiltzera ohituta dago eta bat batean ohituraz aldatzea kosta egiten da.

Ikasturtea hasi aurretik irakasleei softwarearen inguruko ikastaroak eman genizkien eta askok Dinuxek Windows sistemaren antza zuela esan ziguten. Apurka-apurka erreparoak galtzen joan dira eta egun ondo hartzen dute Dinux. Nahiz eta windows sistemadun ordenagailuak ditugun gure ikastetxean, irakasle askoak Dinuxera jotzen dute Interneten nabigatu eta lanak egin behar dituztenean, seguruagoa delako eta orriak ez daudelako moztuta. Gainera 6-8 urteko ordenagailuetan Dinux ondo dabil eta ez dago birus arriskurik, Windows Vista edo Windows7 ezingo genituzke instalatu ekipo hauetan memoria falta dela medio.

Ikasleek bestalde, Dinux probatzerakoan Windows errazagoa dela adierazi ziguten hasieran, baina dena ohitura kontua da. Dagoeneko lau urteren buruan, egun ditugun ikasleek, Dinux baino ez dute ezagutu eta primeran moldatzen dira. D.B.H, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek erabiltzen dute Dinux eta baita goizez zein gauez ikasten dute beste zenbait ikaslek ere.

Ikasle batzuk beren etxeko ordenagailuetan instalatu dute Dinux. Interneten dinux.org orrialdean libreki daude jaisteko moduan Dinuxen bertsio guztiak.

Dinuxen hedapenari dagokionez, zein bide hartzekotan zarete orain? Ikastetxetik haratago non zabaldu nahi duzue Dinux?

Dinux Dioncesanaserako sistema eragile gisa hasi zen, baina egun beste erakunde eta ikastetxeei laguntzeko proiektu bat da. Euskal Herriko ikastetxe publiko eta pribatuetarako Linuxen banaketa pertsonalizatu bat prestatzea erabaki dugu aurten (Dinux oinarri harturik), irudi korporatiboarekin eta ikastetxeek nahi dituzten programekin. Ikastetxeetan software librea erabiltzeko lehenengo pausua litzateke hau.

Lanbide Heziketako ikasleak izan dira Linuxen doako ale pertsonalizatuak egiteaz arduratu direnak ( 17 eta 19 urte arteko gazteak). Guztira Euskal Herriko 9 ikastetxek parte hartu dute proiektuan aurten.

Ikasleak egitasmo honetan protagonista sentitzen dira, eta harrera oso ona izan du ideiak. Izena ere aldatu diete softwareari: Txorinux, Marianistaslinux… software eta ikastetxearen arteko lotura sortzeko asmoz.

Ikastetxeek beraien Pack-a jasoko dute laster eta kasu askotan ikasleak joango dira aleak eramatera eta aurkeztera. Esperientzia pilotu gisa egin dugu lehendabiziko saio hau. Hemendik aurrera handitzen joango dela elur bola espero dugu. Dinuxekin izandako esperientzia ona zabaldu nahi dugu gure inguruan.

Ikasleek ba al dute interesik software librean eta honek dituen abantailetan? Aplikazioak sortu nahi al dituzte?

Duela bost urte, gehienek ez zekiten zer zen software librea, egun nire ikasle gehienek badakite zer den eta batzuk erabiltzen dute. Dena den, Euskal Herrian oso gutxi erabiltzen da Linux sistema eragile gisa, ehuneko hiruk baino ez darabil. Lan asko dago egiteko eta ikastetxeetan hasi beharko litzateke heziketa. Softwarea erabitzeko ohiturak eskolan hartzen dira gehienetan eta oso eskola gutxitan erabiltzen da oraindik software librea.

Mugikorren kasua esanguratsua da: Android bezalako sistema erabiltzen hasi gara inolako arazorik gabe, eta software librean garaturiko sistema da berau.

Gure ikastetxean Dinux erabili duten informatika ikasleek erraztasunak izango dituzte etorkizunari begira, software librearekin lan egiteko gai izango direlako, enpresetan zein beraien kabuz.

Etorkizunari begira zeintzuk dira dituzuen erronkak?

Euskal Herriko enpresekin eta Jaurlaritzako zenbait departamenturekin bilerak egiten ari gara enpresentzako software librea nola garatu dezakegun ikusteko. Oraindik hastapenak baino ez dira baina badirudi interesa badagoela erakundeen aldetik.

Apurka-apurka hasiak ereiten joan nahi dugu, ondoren uzta oparoa jasotzeko. Asko dago egiteko baina lanean jarraitzeko gogoz gaude.