horror morror

Pernan Goñi oñatiarra Arte Ederrak ikastera etorri zen duela zenbait urte Bilbora eta ordutik, Bizkaiko hiribuan bizi eta lan egiten du. Marraztea maite du eta baita filmak eta telesailak ikustea ere. Bere pasioa komikiak egitea da, istorioak asmatzeko aukera paregabea eskaintzen diolako formatu honek. Baina komikigintzaz eta marrazkigintzaz gain,artea eta sorkuntzarekin loturiko lan ugaritan ere aritu da; hala nola, hezkuntzan, enpresagintzan, diseinu munduan, arte kritikak idazten, abeslari musika talde bateanzein beste abar luze batean. Azken proiektu arrakastatsuen artean “Alokairuan” komiki bilduma eta SinfokidsEITB eta OSE rentzat eginiko animazio lana aurki ditzakegu.

Nolakoa da Pernan Goñi bezalako marrazkilari baten egunerokoa?
Goizeko 8etan jaikitzen naiz, nire etxeko gela batean egiten dut lan. Marrazten dudan bitartean, email, facebook, eta Interneteko kontuak begiratzen ditut, aldika-aldika.Zirriborroak eta ideiak arkatzez, koloreak, berriz, ordenagailuz marrazten ditut. Nahiz eta antolakuntza maite, ezin dut ekidin kaos puntu bat izatea nire inguruan. Beti musika entzuten egiten dut lan.

Non aurkitzen dituzu marrazteko ideiak eta inspirazioa?
Bizitako, irakurritako eta ikusitako hainbat gauza nire buruan gelditzen dira, bor-bor egiten, lapiko batean bezala, bueltak ematen… Gero, ba badakizu, gauza batzuk esageratu, beste batzuk asmatu, benetako pertsonen izenak aldatu… Beti eramaten dut gainean koadernotxo bat, bazpada ere.

Hainbat egitasmotan aritu zara lanean baina egin dituzun lanen artean, zeintzuk dira gustukoen dituzunak?
Ez dakit zer erantzun, beti saiatzen naiz ilusioa eta pasioa jartzen egiten ari naizen proiektutan… Zenbat eta libreago egon ni, orduan eta poz handiagoa izan dudala esango nuke.

Horror Morror proiektua zer da eta nola sortu zenuen?
Asteroko komiki zinta bat da, Gaur-8n ematen hasi zen orain dela bi urte edo… Partekatutako etxe alokatu batean bizi diren xelebre friki batzuen abenturak dira. Gaur-8tik deitu ninduten, komikia egiteko astero-astero, eta nolabait gazteon arazoei buruzkoa… Garai hartan pisukide barregarriak neuzkan (Yogurinha Borova famatua hoien artean) eta behar bada horrek ekarri zidan inspirazioa.

Era guztietako pertsonaiak azaltzen dira komikian eta bada autobiografia puntu bat ere, horrenbeste pertsona “berezi” ezagutu dituzu bizi izan zaren pisuetan?
Ba bai. Bolada batean ez nuen ezagutzen nuen inorekin bizi nahi, eta fauna ederra aurkitu nuen…

Euskaraz eta gazteleraz publikatu duzu komiki bilduma, nola moldatu zara finatzaketa eta komikiaren banaketa egiteko orduan?
Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza publiko bat eskuratu nuen ekoizpen gastuaren %75 ordaintzeko (inprenta eta abar). Gero, TMEO koei esan nien ea banatzerik zeukaten. Nik ez nuen inoiz TMEOrekin kolaboratu, nahiz eta asko errespetatu. Banekien ez zirela banatzaile bat, fantzine bat baizik, eta salmenten kopuru oso handi bat eskeini nien (%eko 90a, normala %eko 40a edo 50a denean), eta onartu zuten. Askorentzat erokeri bat egin nuen halako portzentaia emanez, baina nik komikia leku guztietan egotea nahi nuen, eta diruagatik ez nengoen horren stresatua, Jaurlaritzaren diru-laguntzarengatik.

Zure lanak paperezko euskarrietan aurki ditzakegun arren, aspalditik daramazu Interneten komikiak publikatzen eta sare lana egiten. Zertan lagundu dizu sarean aritzeak eta teknologia berriek?
Egia esan, ez dakit oso ondo, uste dut zaila dela hori kalkulatzea… Nik esango nuke nire burua ezagutarazteko, gehien bat Bilbon eta Donostian. Badut saretxo bat ere Madrilen. Baita ere, nola ez, ongi pasatzeko balio dit. Niretzako, twitter, facebook eta guzti horiek jostailu modukoak dira.

Zein proiektutan ari zara orain lanean eta zeintzuk dira etorkizunari begira dituzun erronkak?
Orain Gaur-8rako egiten ditudan komikiak beste gai batekoak dira. Euskal mitologiako izakiak XXI. mendean nola bizi diren asmatzen ari naiz. Teknologia berriak maite dituzte, eta lamia bat hirira bizitzera joango da. Zombiak, banpiroak eta halakoekin nahastuta. Askok esaten didate ezin direla gure mitologiako gaiak aldatu. Bah… nola ez? Nik dena berrasmatu nahi dut. Zirikatzeko eta ongi pasatzeko egiten dut hau.

Posible al da marrazkigintzatik bizitzea egun?
Bai, baina lan asko egin behar da, erastunak kendu, eskuak zikindu, asko mugitu, public-relations ona izan, eta ez gelditu atsedenaldi bat hartzeko inoiz.