hubbrussels

Ane San Miguelek pertsona sortzailetzat du bere burua. Bere aburuz, jakin-minak eta adierazteko beharrak egiten du sortzaile. Hainbat diziplina konbinatzen ditu bere lanean eta batetik bestera salto egite horrek aberasten du. Duela gutxi bueltatu da Bruselako HUB-etik eta bertan, gazte ekintzaile ezberdinekin bizitzeko aukera izan du.

Zer da HUB bat?
Ingeleseko itzulpenak zera dio; HUB:”A center around which other things revolve or from which they radiate”. Euskarazko itzulpena horrelako zerbait litzateke “Zentro bat non bere inguruan gauzek bira egiten duten edo bertatik irteten diren”

Laburbilduz HUB bat: Mundu hobeago baten alde Gizarte Berrikuntzan lanean diharduten bitartekarien indarrak bermatzeko tokia da. Gune aktibo eta bizia.

Nork eman zizun Bruselako HUB-aren berri?
Interneten lan eta ekimen interesgarriak ikertzen nenbilela Novia Salcedo Fundazioatopatu nuen. Fundazio honek duen Gazteak lan-munduratzeko programa aukera paregabea zela iruditu zitzaidan niretzako, eta programa honi esker Bruselan amaitu nuen.

Gainera, HUB batean lan egiteko, proaktibitatea, ikerkuntzarako grina eta espazio dinamiko baten antolakuntzak dakartzan lan mota desberdinak egiteko diziplina aniztun pertsona behar zuten. Zoritxarrez, badirudi, baliabide profesional kuantitatibo eta kualitatiboak dituzten pertsona gutxi dagoela merkatuan eta enpresa munduko backgrounda izan ez arren HUBa nire adierazpen profesional eta kreatiboetarako gunea izan da. HUB batek, HUB bera osatzen duten pertsonen identitatea hartzen du.

Zein eratako lanean aritu zara Bruselan?
Gardentasunean oinarritutako talde lanean, 150 ekintzailek osatutako komunitate baten dinamizazio eta koordinazioaz arduratu naiz. “Peer to peer” eta “DIY vs DIT” bezalako filosofia oinarri izanik, enpresa sistema zaharkituetan hezitako baloreak zituzten pertsonei, enpresen sustapen eta garapen positiborako beste baliabideak bazeudela erakusten genien.
Nola? Adibideak emanez eta jakin-minak banatzera bultzatuz; pertsonak edozein proiektu edo enpresa ideien aurretik jarriz. Pertsona bera da garrantzizkoena, gizarte berrikuntza sustatu, bermatu eta aktiboki parte hartzeko orduan. Taldean garatutako ezagutzak proiektu eta ideien arrakasta lortzeko beharrezkoak direla ikasi dut.

Europako beste herri batean lan egiteak zertan lagundu zaitu pertsonalki eta profesionalki?
Atzerrian egoteak balore edo lehentasun pertsonaletan hunkitu nau. Baina nabarmenena, HUB batean lan egitea izan da, bizitzan gertatu zaidan gauzarik inspiragarriena dela esan dezaket. Mundua eraldatu daiteke eta eraldatzen ari da, guztiok ideiak partekatzen baditugu, onura globala lor dezakegu, baina ideia honen inguruko kontzientziazioa falta zaigu eta HUBetan, Bruselakoan behintzat, hori bultzatzen da.

Zeintzuk dira etorkizunari begira dituzun, proiektu eta erronkak?
Ekimen eta enpresa soziala sortzen ari naiz; artepilpilean, “exchange of artistic experience” proiektua. Kreatibitate eta besteenganako konfiantzan oinarritzen den web plataforma proiektua.
Helburu nagusia, onura globala bultzatzea da, dena ez baita diruaz ordaindu behar. Eta zertaz bizi? Autososteinatzeko sormena erabiltzen dut eta beste bide batzuetatik lortzen dut dirua… momentuz. Azken finean, guztiontzako onura ematen duten proiektuak, dirutza eman ez arren, nire ustez, garatu behar dira, edo gutxienez gara dezakeen beste norbaitekin ideiak banatu. Mintzatu nahi duzu?