Gabonak pasa diren arren beherapenak direla medio, erosketak ez ditugu erraz alde batera utziko. Baina gehiegizko kontsumoari aurre egiteko bideak badaude eta trukea eta kontsumo arduratsua irtenbide interesgarriak izan daitezkeelakoan gaude. Dirurik Gabe elkarteak ideia hauen hedapenaren alde lan egiten du.

Nortzuk osotzen duzue Dirurik Gabe Elkartea?

Momentu honetan lau pertsonek osatzen dugu elkartea: bi emakumek eta bi gizonek.Jakintza alor ezberdinetatik gatoz, hala nola, komunikazioa, administrazioa, zientziak zein artearen mundutik. Aniztasun honi esker errazago burutu ditugu elkarteko lan ezberdinak, ezagutza ezberdinez osaturiko puzzle modukoa baikara. Nahiz eta kide aktibo kopuru txikiko elkartea den gurea, hasieratik jende askoren laguntza izan dugu ekimenak antolatzeko orduan. Era berean, antolaturiko truke azoketan ere jende askok parte hartu du.

Zein asmorekin sortu zenuten elkarte hau?

Elkartea, Bilboko Udalak antolaturiko II. Ideiak Borobilak lehiaketan garaile suertatu ostean sortu genuen 2009an. Lehiaketara aurkezturiko ideia, dirurik gabe eguna pasatzea posible zela izan zen. Dirurik Gabeko Eguna antolatu genuen horretarako, non poltsikoan txanponik izan gabe, larunbat normal bat pasatzera gonbidatzen genuen jendea. Besteak beste, posible zen, arropa berriarekin etxeratzea, jendea ezagutzea, musika entzutea, zein jarduera ezberdinen berri izatea. Arrakasta izugarria izan zuen Dirurik Gabeko Egun hark.

Bizipenak elkarte bihurtzeko indarra eman zigun, ez genuelako egun batera mugatu nahi gure jarduna eta beharrizana bazegoela ikusten genuelako. Jarduera hauetan, jendeak harremanetan jarri, trukeak egin zein disfrutatzeko aukera du, kontsumo arduratsuaz jabetzen diren bitartean. Era honetako egitasmoetan gainera etxean pilatzen ditugu tresnez ahusnatzen dugu. Guretzat alferrikakoak diren arren beste norbaiti mesede egin diezaiekete objektuok, oraindik erabiltzeko moduan daudelako, eta ez dute zertan zakarrontzian amaitu behar. Truke jarduera ukiezinak ere proposatzen ditugu, hau da, truke ez materialak; jakintza, trebezia, bizipen, hizkuntza, aholku zein emozioen trukea, alegia.

Zeintzuk egitasmo antolatu dituzue orain arte?

Urtebete pasa da elkartea sortu genuenetik eta egia esan ez dugu denbora alferrik galdu. Lehendabiziko egitasmoa esan bezala, lagun talde gisa antolatu genuen, udaletxeko lehiaketa irabazi ostean eta Dirurik Gabeko Eguna / Día Sin Dinero izan zen, 2009ko azaroaren 24an. Truke merkatu erraldoi honetan, gauza materialen trukeaz gain, dirurik gabe egin daitezkeen egitasmoen inguruko hitzaldiak eta ekimenak programatu genituen; Couchsurfinga, denboraren bankua, etxe ekologikoak -Besarkadaren etxea-, dirurik gabe munduan zehar bidaiatzeko aukerak, zein BookCrossinga. Guztira ehun pertsonek jarri zituzten trukeak egiteko postutxoak Bilboko Plaza Berrian eta 1000 pertsona inguru hurbildu ziren egunean bertan egitasmora. Musika kontzertuak, poema irakurketak, dj-ak zein batukada izan ziren egunean zehar.

Elkarte gisa Besarkada Mundiala antolatu genuen ondoren. Besarkadak dohainegitasmoarekin bat egin eta 2009ko abenduan Bilboko Kale Nagusian bildu ginen beste 20 bat pertsona besarkatzailerekin batera.

2010eko otsailaren 27an Errekaldeko auzoko Kukutza gaztetxean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunaren baitan, Jai Poliglota antolatu genuen. Jai honetan hizkuntzak trukatzeari ekin genion, hau da truke ez materialak egiteari. Gure hizkuntzan zein hizkuntza berrietan hitz egiteko aukera izan genuen eta bizipen ezberdinak eta anekdotak partekatu genituen. Honi esker munduko kultura ezberdinen berri izan genuen eta herri ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera ere egon zen, jaki-trukeari esker. Jaia hasi aurretik, UNESCO Etxeak Euskal emigrazioa ikuskaritzak (Ikuspegi) eta Amarauna UNESCO-Etxeak eginiko Hizkuntzak eta Imigrazioa txostena aurkeztu zuten hitzaldi batean. Guztira 20 lagunek parte hartu zuten eta ondorengo jaian gehiago izan ziren partaideak.

2010eko apirilaren 24an, Lehenengo Dirurik Gabeko Eguna pasa eta sei hilabetera, Bilboko aldaketa klimatikoaren kontrako bulegoarekin elkarlanena, Udaberriko Azoka antolatu genuen. Ohiko trukeez gain, ukiezinen trukea ere proposatu genuen; arte trukea el Hervideroren eskutik, Software librea Reciclaneten eskutik, zein aldaketa klimatikoaren kontrako familiek Hogares Libresen eskutik beren bizipenak partekatu zituzten. Poema irakurketak, udal korua, batukada eta fanfarrea ere izan ziren.

Azkenengo antolatu dugun egitasmoa II. Dirurik Gabeko Eguna / Día Sin Dinero izan da. Aurreko urtean bezala, truke merkatu handi bat antolatu genuen, non, jendeak postuak jarri eta trukea izan zen nagusi. Era berean ukiezinen gunean era jarri genuen, bi hitzaldi proposatuz: Julio Gisbert, “vivir sin empleo” liburuaren idazleak denboraren bankuaz, txanpon sozialaz zein trukeaz hitz egin zuen. Arratsaldean, truke azoken arteko bilera izan zen eta bertan Turingo Sensa Moneta taldeko kideak izan ziren. Era berean, kontzertuak, poema irakurketa, Nazioarteko dj-ak zein batukada izan ziren.

Zeintzuk dira aurtengo helburuak eta etorkizunari begira dituzuen erronkak?

Urtebete ekitaldiak antolatzen pasa ostean (12 hilabete baino gutxiagotan 3 truke merkatu antolatu ditugu) gure jardueraz ahusnartu eta trukea bultzatzeko bide berriak pentsatzeko ordua heldu da. Orain arte egindako ibilbidea oso interesgarria eta positiboa izan den arren, hilabete batzuk lasai hartu nahi ditugu.

Tarte honetan, guretzat ezagunak diren beste truke ekimen batzuk bultzatu eta laguntzeko asmoa dugu (hitzaldiak, elkarteen truke egitasmoak, zein elkarteak). Honako hau epe motzera egiteko lana litzateke baina epe ertain-luzera begira truke merkatuak instituzionalizatu nahi ditugu. Guk antolaturiko egitasmoetan oso erantzun positiboa jaso dugu jendearen aldetik, trukeaz gain, harremanak egiteko bideak ere errazten dituelako.

Era berean, oso interesgarri ikusten dugu trukearen ideia eta ekimenak, auzo, elkarte, zein lagun taldeetan zabaltzea. Bestalde, aurten elkarteak bere ateak zabaldu nahi dizkio gure proiektuan parte hartu nahi duten lagun berriei. Horretarako prozesu parte hartzailea abian jartzeko asmoa dugu, hemendik aurrera hartu ditzakegun pausoak zeintzuk diren pentsatu eta jende berriari ere aukerak emateko.

Azkenik aurten ere III.Dirurik Gabeko Eguna/ Día sin Dinero atolatu nahi dugu. Era honetako truke esperientziez gozatzea nahi dugu jendeak eta trukea egunerokotasunaren parte bihurtzea.