Olatz Urkiak Errusian hizkuntzen inguruko biltzar batean izandako bizipenaren ingurukoerreportajea bidali digu. Gazte hau egun Krimean bizi da, eta bertan euskal kulturaren hedapena egiten ahalegintzen da.

Aurten euskara Errusiako Federazioaren erdiraino iritsi da, tren batean, zelai amaigabe zuriak zeharkatzen. Bidaia urriaren amaieran izan da baina Txeboksarin, Moskutik 600 bat kilometro ekialdean, elurrak jada dena zuritu du. Hala ere errusiarrak, ez txubaxoak ez tartaroak ez dira etxean geratu hotza dela medio, eta urtero bezala Txeboksariko hizkuntzen nazioarteko festibalean parte hartzera gerturatu dira.

15. urtean lehen aldiz “karaban”

Jaialdi honek ia 15 urte ditu eta hasi zenetik gaur arte hobetzen, eta edukiak sakontzen joan da. Aurten jaialdiak bi asteko iraupena izan du eta bi zatitan banatu da.

Lehenengo hamabi egunetan munduko herrialde ezberdinetako ordezkariek Txubaxiako herrietara hurbildu eta han beren hizkuntzak aurkeztu dituzte. Dudarik gabe, Txeboksari hiri handian kultura txubaxiarra bere osotasunean sentitzea zaila da. “Festibalean Txubaxiararen sakonera ere iristea nahi genuen” dio Blinov jaialdiko arduradunak. Horregatik aurten lehen aldiz festibalean sortu da “Karaban”: furgoneta txiki batean kanpotarrak herritxo lasaietara joan eta hango biztanleekin kontaktua izateko aukera bideratu duen ekimena. Horrela ere, herri txikiak behingoz ez dira baztertuak izan jaialdi handi batean.

Ideia honi esker herrietako eskoletan frantsesa, kurdoa, turkoa, txekiarra, italiera eta euskara erakutsi dituzte. Ordu bat ez da asko hizkuntza bat ikasteko baino nahikoa oinarria ezagutzeko. 12 egun igaro ondoren emaitza nabarmena da: Txeboksari, Baturebo, Alatur eta Kanaxeko umeek euskaraz esan dezakete “kaixo, zer moduz?” edo “maite zaitut” ; badakite ere Euskal Herrian harri-jasotzaileak dauzkagula; argazkietan ikusi dituzte txalaparta eta alboka, eta Mikel Laboaren abestiak entzun dituzte, lasaitasunez, lehiotik kanpora begira.

Meta: eleaniztasuna

Bigarren zatia festibal nagusia izan da: Txeboksariko unibertsitatean 40 hizkuntza baino gehiago elkartu dira. “Lehenengo urtean bakarrik 15 bat hizkuntza aurkeztu ziren. Eta aurten jada 40; benetan pozgarria da” dio Aleksander Blinov, festibalaren sortzaileak. Aleksander filologoa da eta talde esperantista batean lan egiten du. Dioenez jaialdi kultural honen ideia esperantisten artean sortu zen, eleaniztasuna bultzatzeko.

Aipatu beharrekoa da jaialdi honetan hizkuntza minoritarioek izan duten presentzia zabala. Frantsesa, gaztelera edo turkoa bezalako hizkuntza indartsuak aurkeztu dira baina baita ere hizkuntza polinesioak, tartaroa, kurdua, fang hizkuntza, gaelikoa, euskara eta beste asko.